Pilota

Ezkurdia-Martija eta Elordi-Zabaleta, Binakako bikoteak

Guaixe 2022ko aza. 22a, 12:25
Baluarten aurkeztu dute Binakakoa. Finala apirilaren 2an jokatuko da, Nafarroa Arenan. ASPE

Peio Etxeberria eta Elordi dira txapelketako sorpresa nagusiak. Biko sakandarra izango dugu, 2020ko txapeldun Ezkurdiak eta Martijak osatutakoa. Zabaletak Lau eta Erdian nabarmendu den Elordi du bidaide

EPEL-ek 2023ko Binakako Pilota Txapelketa aurkeztu berri du, Iruñeko Baluarten. Izan ere, aurten Nafarroa Arenak hartuko du Binakako final handia apirilaren 2an. Txapelketa asteburu honetan bertan hasiko da, azaroaren 25ean, Azkoitian.

Peio Etxeberria eta Aitor Elordi dira txapelketako sorpresa nagusiak. Aspek azkeneko txapelketetan bi pilotariek egin duten lan itzela saritu nahi izan du eta Eibarko enpresak aurpegi berrien alde egin du. Merezitako saria biendako. “Zaila izan da erabakia hartzea, baina aldaketaren alde egin dugu oraingoan” azaldu zuen Aspeko zuzendari komertzial Inaxio Errandoneak. Iker Irribarria eta Danel Elezkano geratu dira kanpoan. Aldiz, Baikok orain arteko bikoteen aldeko apustua egin du, berrikuntzarik gabe. 

Asperen bikoteak hurrengoak dira: Elordi-Zabaleta, Peio Etxeberria-Rezusta, Ezkurdia-Martija eta Altuna III.a-Tolosa. Baikorenak, aldiz, hurrengoak: Jaka-Aranguren, Laso-Imaz, Peña II.a-Mariezkurrena II.a eta Urrutikoetxea-Albisu. Aspek, bereziki, txapelketa paretsua antolatzeko ahalegina egin du. Baikok, aldiz, gehiago jo du bikote sendoak osatzera eta ez du aldaketarik egin, joan zen urteko berberak baitira. Jokin Altunak hala nabarmendu zuen, argi eta garbi. “Aspe bikoteak orekatzera jo du eta Baiko, aldiz, bikoteak indartzera. Espero genuen. Baikon bikote indartsuak ikusten ditut. Gure enpresan bikote indartsuak egitera joanez gero, are indartsuak indartsuak egiterik badago”. 

Gustura
Etxera begira, nabarmentzekoa da bikote sakandarra izango dugula, 2020ko Binakako txapeldunak hain zuzen ere, Joseba Ezkurdia eta Julen Martija. Jose Javier Zabaleta, aldiz, Lau eta Erdian sekulako maila eman duen Aitor Alberdiren bikotea izango da. Bestalde, joan zen urteko txapeldunordeek, Lasok eta Imaz, elkarrekin errepikatuko dute.

Ezkurdia eta Martija bikote indartsua da, berme handikoa. Eta Elordi eta Zabaleta konbinazio bikaina, debutaria ongi egokitzen bada. Gustura daude. “Pena izan zen 2020an txapela ikuslerik gabe irabaztea. Ea berriro finalera irits gaitezkeen” azaldu zuen Martijak. Elordi pozik dago eman dioten aukerarekin, eta atzelari bikaina du lagun, Zabaleta. 

Aldaketak
Aurten aldaketa egingo dute lehiaketa sisteman. Partida bat gehiago jokatuko da, 66 guztira. Hasierako ligaxkan 14 jardunaldi jokatuko dira eta lehen bi bikoteak sailkatuko dira zuzenean finalerdietako ligaxkara. Hurrengo lau sailkatuek play-offak jokatuko dituzte, eta hemen dago aldaketa. Hirugarrenaren eta laugarrenaren arteko neurketan garaile ateratzen den bikoa zuzenean sailkatuko da finalerdietarako, eta galtzaileak beste partida bat jokatuko du bosgarrenaren eta seigarrenaren artekoan irabazi duenaren kontra. Partida honetako garailea izango da finalerdietara pasako den beste pilotaria. Sistema hau “justuagoa” iruditu zaie pilotariei. 

Lehen jardunaldia
Ostiralean hasiko da Binakakoa, Ezkurdia-Martijak Peio Etxeberria-Rezustaren kontra Azkoitian jokatuko duten partidarekin. Larunbatean Laso-Imazek eta Jaka-Arangurenek jokatuko dute Bartzelonan, eta igandean Urrutikoetxea-Albisuk Peña II.a-Mariezkurrena izango dituzte aurkari Tolosa. Asteazkenean, Eibarren, Elordi-Zabaleta eta Altuna-Tolosaren arteko partida jokatuko da. Altunak mina du eskuan eta ez du uste asteazkenerako prest egongo denik.