Soldata, pentsio eta zerbitzu publiko duinak aldarrikatu dituzte

Guaixe 2022ko aza. 23a, 09:29
Pentsio eta soldata duinen aldeko manifestazioa Altsasun.

Larunbateko manifestazioko deitzaileek ziurtatu zutenez, ″konponbidea posiblea eta beharrezkoa bezain premiazkoa da: aberastasunaren banaketa ekitatiboa″. Irurtzunen kontzentrazioa egin zen eta Altsasun manifestazioa.

Euskal Herriko Karta Sozialak deituta hainbat manifestazio egin ziren larunbat arratsaldean eta haietan 15.000 bat pertsona elkartu ziren. Mobilizazio haietako pare bat Sakanan egin zen eta ehun bat izan ziren elkartu zirenak. Salatu zutenez, ″egungo krisi sistemikoaren aurrean botere publikoek duten alternatiba da pertsona gutxi batzuek gero eta aberastasun handiagoa metatzea, langile klase gehiengoaren pobretzearen kontura″.

Egoera bideratzeko honako aldarrikapenak egin zituzten: gutxieneko soldata 1.400 eurokoa izatea; 1.080 eurokoa gutxieneko pentsio duina, Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren %90 izateko helburuarekin; soldaten eta pentsioen soldata arrakala bukatzea,  %24 inguru eta  %37 baitira, eta arreta eta zaintzako gizarte eta osasun zerbitzuen sare publiko unibertsala. Horiekin batera, Nafarroako Gobernuari eskatu diote ″utz diezaiotela beste norabait begiratzeari eta egin behar dutena egin dezatela zerbitzu publikoak, pentsioak eta soldata duinak bermatzeko″.