EGA ziurtagiria eskuratzeko matrikula epea zabalik

Guaixe 2022ko aza. 30a, 09:28

Olaztiarrak San Migel plazan. ARTXIBOA

Interesa dutenek modu telematikoan zein aurrez-aurre eman dezakete izena abenduaren 15a bitartean.

Abenduaren 15a bitartean izango da EGA ziurtagiria eskuratzeko izena emateko aukera. Proba horiek egin nahi dituztenek matrikula telematikoki formalizatu ahal izango dute Erregistro Orokor Elektronikoan www.navarra.es web orriaren bidez edo aurrez aurre Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Informazio Bulegoan, Santo Domingo aldapako 8. zenbakian, 08:30etik 14:30era. Deialdiaren oinarrietan jasotzen den bezala, matrikula-tasak 26,20 eurokoak (tasa arrunta), 13,10 eurokoak (tasa murriztua) edo doakoak izango dira.

Azterketak hiru proba izango ditu (atarikoa, idatzizkoa eta ahozkoa), eta titulua lortzeko ezinbestekoa da hiru probak gainditzea. Atariko proba 80 galderako test bat da eta, horren bidez, hizkuntza baliabideen ezagutza, ahozko ulermena eta irakurketa ulermena ebaluatzen dira. Idatzizko probak bi ataza ditu: bata, 180 hitzekoa, eta, bestea 250 hitzekoa, gutxienez; eta, azkenik, ahozko proba, testu baten bost minutuko ahozko azalpen bat eta ondorengo hamar minutuko elkarrizketa bat dituena.