Nafarroako nekazaritzako elikagaien industriako enpresen eta enpresaburuen lana goraipatzeko helburuz sortu ziren Alimenta Navarra Sariak 2016an. Navarra Capital eta Nafarroako Nekazaritza Elikagaien Klusterra (NAGRIFOOD) antolatzen dute sariketa eta zazpigarren edizioko sariak Tuteran banatu zituzten astelehenean.
Epaimahaiak Embutidos Arbizu enpresaren sortzaile eta kudeatzaile Mari Carmen Arbizu saritu zuen Ibilbide Profesionalaren eta Garapen Pertsonalaren kategorian. Arbizu 12 urterekin hasi zen gurasoen harategian laguntzen, eta, aldi berean, ikasi egiten zuen. Epaileek ″txistorra ezagutarazteko eta balioesteko egin duen lana″ nabarmendu zuten, baita bere nazioartekotzea sustatzeko ere: ″bere emate handiari, lanari eta eguneroko ahaleginari esker, bere enpresa, familiarekin batera, sektoreko erreferenteetako bat izatea lortu du estatuan eta nazioartean″.
Arbizuk astelehenean hitza hartu eta sektoreko gazteei zuzendu zitzaien lehenik, eta enpresa txikietan ere parte hartzera animatu zituen. ″Oso gogorra da, baina proiektu txikietan lan egiteak poz asko ematen ditu. Hala izan zen nire kasuan, nire gurasoek duela 74 urte sortu zuten dendarekin, eta nire senar Patxirekin batera enpresa gisa finkatzeko aukera izan dut″. Gaineratu zuenez, ″proiektu horretan jarraitzen dute nire alabak, Ainarak; nire koinatuak, Josebak; eta nire bilobek, Enekok eta Bidanek″.
Beste sari bat
Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Batasunarekin (UCAN) elkarlanean sustatutako Landa Eremuko Belaunaldi Erreleboaren Saria Arraitz-Orkingo Mikel Hernandorenak jaso zuen, sariketa sustatzen duen hedabideko irakurleen online botoen %41,3 jaso ondoren. Hernadorena Lacturaleko kide da.