Aurten ere Sakanako Gida etxe guztietara iritsiko da

Guaixe 2022ko aza. 25a, 14:59

Sakanako Gida buzoietan sartuta. ARTXIBOA

Ibarreko gremioen eskaintza zabalaren berri jasotzen du, baita establezimenduekin eta langileekin harremanetan jartzeko modua emanen du ere. 8.500 etxeetan banatuko da urte akaberan. Bizi ditugun garaiak behartuta prezioak %10 igo dira.

Garai ezegonkorrak bizi baditugu ere, GUAIXE FUNDAZIOAk erabaki du aurten ere Sakanako Gida argitaratzea, ″iruditzen baitzaigu gida ibarraren negozioen ikusgarritasuna bermatzeko ezinbestekoa dela. Gainera, jasotako iritziek lagundu digute ere erabakia hartzen″. Sakanako Gidaren bederatzigarren edizioa da argitaratuko dena, ″baina aurten, aspaldiko partez, eta egoera orokorrak hala behartuta, prezioak eguneratu behar izan ditugu″.

Argitalpenak balio du ibarraren tokiko ekonomiaren muina diren zerbitzu eta establezimenduen eskaintza zabala sakandarrei eta bisitariei ezagutarazteko. Sakanakoari balioa eman eta aitortzeko, ibarreko zerbitzu eta establezimenduekin harremanak estutu eta bultzada emateko helburua du Sakanako Gidak. Pandemiak tokiko merkataritzaren eta zerbitzuen premia agerian utzi zuen. Merkataritza txikiak asko sufritu zuen, eta pairatzen ari da gaur egungo krisi testuinguruarekin. GUAIXE FUNDAZIOAk argitaratzen duen gida 0 km-ko gida da, gertukoa, bertakoa baloratzen duena. Herrietako denda, taberna, elkarte, enpresa eta zerbitzu publikoen informazioarekin batera, erabiltzaileei zerbitzurik onena eskaintzeko helburuz, informazio praktikoa ere badu: osasun etxe, udal edo bestelako erakundeen telefonoak, egutegiak eta hainbat herrietako mapak ditu gidak. 

Bi formatu
Sakandarrek etxean paperean jasoko dute gida urte akaberan. Paperezko edizioak edukiz betetako ehun bat orri ditu. Baina Sakanako Gidak badu bertsio digitala ere, guaixe.eus/gida/ webgunean kontsultatu daitekeena. 260 erreferentzia biltzen ditu gidak. Hiru kliketan beharrezko helbidea, telefonoa, posta elektronikoa edo web orria jakiteko eta zuzenean harremanetan jartzeko aukera ematen dio erabiltzaileari. Gainera, erabilera errazteko gremio edo herriaren araberako bilaketak egiteko aukera ere dago. Gida digitala tokiko merkataritzaren eta zerbitzuen Sakanarako eta mundurako erakusleihoa da.

Gainera, Sakanako Gidaren onlineko bertsioan ere aurrerapausoak ematen gabiltza eta emaitza horiek aurki ikusiko dituzue. Horretan bidaide dugu euskarazko tokiko hedabideen bateragunea, Tokikom. Haren publizitate kanala 65 hedabidek osatzen dugu: 25 webgunek, 26 aldizkarik, 5 telebistak eta 9 irratik. Tokiko sare handi bat da eta onarpen maila handia dauka: 200.000 irakurle prentsa idatzian eta 52 milioi ikusitako orrialdetik gora urtean.

Herrietako kaleak bizirik mantentzeaz aparte, aberastasuna eta lanpostuak sortzen dituzte merkataritzak eta zerbitzuek. Haietan erosiz edo haietan zerbitzuak kontratatuz, Sakana biziagoa eta ibarreko lanpostuen mantentzea eta sorrera bultzatzen da. Horretarako erraztasunak ematen ditu BeleixeGuaixe txartelak. 2012an sortu zen eta fundazioaren babesle diren 1.400 sakandarrei ibarreko 90 bat establezimendutan abantailak eskaintzen dizkie.

Harremanetarako
Sakanako Gidaren hurrengo edizioan edo orain Interneteko bertsioan sartzeko: 661 523 245 edo 948 564 275 telefonoetara hots egin edo publi@guaixe.eus e-posta helbidera idatzi (Eneida).