Euskararen zapalkuntza ikus-entzunezkoen bidez azalduta

Guaixe 2022ko aza. 30a, 10:00
Josu Martinezen film laburraren irudi bat. UTZITAKOA

EHEk euskaraz bizitzeagatik "euskaldunok pairatu dugun zapalkuntza" mahaigaineratu nahi du. Horretarako bi emanaldi antolatu ditu: abenduaren 1ean, ostegunean, Altsasun eta abenduearen 2an, ostirala, Etxarri Aranatzen. 

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eragile euskaltzaleak bi ikus-entzunezkoren emanaldietara gonbidatu ditu sakandarrak, Altsasuko Gure Etxean, abenduaren 1ean, osteguna, 19:00etan, Gure Etxea eta abenduaren 2an, ostirala, 19:00etan, Etxarri Aranazko gaztetxean. Emanaldietan lehenik Josu Martinezen Anti film laburra ikusteko aukera izanen da. Hartan kontatzen da nola Frantziaren alde Lehen Mundu Gerran borrokatu ondoren, soldadu joandako herritarrak Nafarroa Behereko Bizkarsoro herrira itzuli diren, eta ikusiko dute eskolan euskaraz mintzo diren haurrak, anti izeneko ziri mutur batekin seinalatuak direla. Horren ondoren, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea gordetzen duen ahotsak.eus webgunetik hartutako testigantzen txanda izanen da. Haietan herritarrek eskolan edo herrietan euskaraz aritzeagatik jasandako zigorren inguruko lekukotzak emanen dituzte. Emanaldiaren ondoren, Altsasun, hainbat herritarren esperientzietatik abiatuta, solasaldia eginen da. 

Etxarri Aranazko eta Altsasuko EHEko kideek azaldu dutenez, zikloa antolatu dute ″euskaraz bizitzeagatik euskaldunok pairatu dugun zapalkuntza mahai gaineratzeko″. Aitortu dutenez, emanaldia ″kontzientzia hartzeko baliatu nahi dugu, hausnartzeko aukera eman, gure herriak eta euskaldunok jasan dugun eta oraindik ere jasaten dugun hizkuntza zapalkuntzaren inguruan″. Antolatzaileen iritziz, ″egun bizi dugun egoerara zergatik eta nola iritsi garen ezagutu beharra dugu, egun oraindik ere pairatzen dugun egoera bere osotasunean ulertzeko ezinbestekoa baita″.

Manifestua
EHEko kideek gogorarazi dute eragileak Egia, Aitortza eta Erreparazioa euskaldunontzat izeneko manifestua aurkeztu zuela 2019an. Hartan adierazi zuen ″herri gisa zapalduak, zatituak eta ukatuak″ izan garela eta ″horren ondorio dela egun euskarak bizi duen egoera soziolinguistikoa″. Manifestuaren bidez egia eskatu zuten, ″hizkuntza eskubideen urraketaren dimentsioa ezagutu nahi dugulako″. Aitortza eskatu zuten, ″nahiko genukeelako euskararen eta euskaldunon kontrako jazarpen politika garatu duten instituzioek, eragileek eta pertsonek egindako kaltea aitortzea″. Azkenik, EHEko kideen iritziz, ″osoki burujabea izango den hizkuntza politika batek bakarrik ekar dezake erreparazioa″. Zehaztu dutenez, ″euskaraz hitz egitea debekatzeak gure herriarendako eta herritarrendako suposatu zuen sufrimendua argitara eman nahi dugu eta aitortza eta erreparazioa eskatu″.