Itaiak proposamen politikoaren beharra azaleratuko du

Guaixe 2022ko aza. 25a, 14:15
Itaiak deitutako manifestazioa. ARTXIBOA

Emakumezkoen kontrako indarkeriaren aurkako egunean Itaiak "emakumezkoen gaitasun teoriko eta politikoak garatzera, baita pairatzen dugun zapalkuntzaren kontra lan ideologikoa egitera edo kontzientziatzea hartzera" deituko du.

Itaiak, emakumezkoen antolakunde sozialistak,"indarkeria matxistak duen larritasuna" adierazi nahi du gaur kalean. Bere kideen iritziz, "indarkeria hori emakume langileon zapalkuntza betikotzeko ezinbestekoa da". Gogorarazi dute aurten, gutxienez, 3 emakume erailak izan direla Euskal Herrian eta hainbat motatako erasoen salaketak etengabeak direla: bortxaketak, sexu-erasoak, biolentzia domestikoa, gutxiespenak, isilarazteak… "Eraso forma berriak daude ere: ziztadak edota eraso birtualak". Nabarmendu dutenez, "erasoak askotan gure bikotekide, lagun edo gertuko figura baten partetik jasaten ditugu eta indarkeria erreproduzitzen duten figura kolaboratzaile horiek seinalatu nahi ditugu". Itaiakoek urtean zehar izandako zenbait kasu gogorarazi dituzte eta azpimarratu dute "Sakanan indarkeria matxista presente" dagoela. 

Zergatia 
Antolakundeko kideen iritziz, indarkeria matxista "klase menperatzaileak boterea mantentzeko sistematizazio gisa ulertzen dugu, zeinean emakume langilea kulturalki, ekonomikoki, politikoki eta sozialki zapalduta dagoen. Gure lan indarraz baliatzen dira, gu despolitizatuz, sozialki alboratuz eta jazarriak izaten gara". Emakumezkoak "subjektu zapalduak izateko politikako hainbat mekanismo martxan jartzen dira eta gizonezkoaren gailentasunerako testuingurua sortuz. Horregatik, indarkeria matxista kapital metaketa maila handienean gauzatzeko mekanismo ideologiko gisa ulertzen dugu".

Itaiako kideen iritziz, "indarkeria matxista egiturazko biolentzia" da, "sistema bera baita indarkeria erreproduzitzen eta norma kultural bilakatu duena". Hala ere, "ez da auzi kultural soil bat. Izan ere, gure nahi, desira eta jokabideak sistema kapitalistak ekoitzitako produktu dira. Horregatik, gizartea kapitalaren interesen arabera ekoitziko dira baldintza ekonomiko, sozial zein kulturalak. Biolentzia matxista ezinbestekoa du aberastasuna ekoizteko xede duen gizarte kapitalistak: porno industriak irabaziak izaten jarraituko du, nerabeek emakumeonganako eszena bortitzak kontsumituko dituzte eta emakume ederren irudiak izango dira nagusi". Horregatik guztiagatik Itaiakoek uste dutenez, "egiturazkoa den indarkeria matxista ezin da desagerrarazi estruktura hori bera gainditzen ez bada. Kapitalismoa suntsitu gabe, ezin dugu emakumeon zapalkuntza errotik gainditu, horren hobekuntza partzial batzuk besterik ez" direla lortuko gaineratu dute. 

Antolakundeko kideek ez dute erakundeen jarduna gogoko "instituzioak kapitalaren behar ekonomiko eta politikoen menpe" daudelako. Itaiakoek gaineratu dutenez, "indarkeria matxistari erantzuteko baliabideak erabat mugatuak dira, eskainitako zerbitzuak nahikoak ez direlako eta dauden beharrizanei ez dietelako erantzuten". Kudeaketa unean uneko ekonomia gaitasunaren arabera egiten dela eta laguntzara mugatzen dela gaineratu dute. Indarkeria matxista pairatu duten emakumeek etxebizitza edo arreta psikologikoa lortzeko zailtasunak edo epaitegietan bizi dituztenak salatu dituzte ere. 

Alternatiba
Itaiakoen iritziz, "indarkeria matxista etengabe erreproduzitu dadin baldintza konkretuak bermatzen dituen sistema jo puntuan jarri behar dugu". Horretarako, "instituzioen fartsatik kanpo kokatzen den, gure botere propioa garatzea ahalbidetuko duen antolakuntza politikoaren beharra" nabarmendu dute, "erasoen aurrean erantzun eraginkorrak garatzeko eta emakume langileon babesa antolatzeko".  

Hori lortzeko "ongizate unibertsala lehen lerroan jartzen duena antolakuntza eredua" aldarrikatu dute Itaiakoek, "zapalkuntzarik egon ez dadin berme egonkor bakartzat kontsideratzen dugu, eta indarkeria matxistarik egon ez dadin baldintzak jar ditzakeen gizarte antolaketaren alde egingo duen antolakuntza litzateke". Norabide horretan Itaiak Indarkeria Matxistaren Aurkako Asanblada, prestakuntza eta eztabaida politikorako Emakume Langileon Eskolak, edota emakume langileon interesak hizpide martxan jartzen ditugun borrokak landu ditu.

Berriki "emakume langileon askapenerako programa politikoa" aurkeztu du Itaiak. Hartan jaso dituzten puntuen artean daude, esaterako: "bizi baldintza berdinak denondako, lan guztien aitortza, zaintza eta etxeko lanen sozializazio unibertsala, indarkeria matxistarekin bukatzea, emakumeon sexualizazioarekin eta prostituzioarekin bukatzea, seme-alabak izateko baldintza sozial eta materialen bermea, doako abortu unibertsala eta kalitatezkoa, sexu eta ugalketa osasunerako doako eta kalitatezko zerbitzuen bermea, erreprodukzioaren merkantilizaziorik ez, sexu identitate eta orientazio zapalduen aurkako erasoekin bukatzea.