Pentsiodunen mugimenduak emakumeen ahotsekin bat egin du

Guaixe 2022ko aza. 25a, 13:45

PEntsio duinen aldeko aldarrikapena Altsasun barna zabaltzen.

Sakanako pentsio duinen aldeko mugimenduak emakumezkoek ″gaur egun pairatzen dituzten mota guztietako indarkeriak eta desberdintasunak ikusarazi eta salatzeko″ mugimendu feministaren deialdietan parte hartuko du.

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako egunaren inguruan ere zeresana dute pentsio duinen aldeko mugimenduko kideek, izan ere, ″adineko emakumezkoei ere eragiten digute askotan erailketa bihurtzen diren indarkeria eta desberdintasun horiek″. Gaineratu dutenez, ″indarkeria horiek zahartzaroan areagotu egiten dira, zainketa gehien behar direnean, eta askotan, isiltasunean bizi da, inguru hurbilaren axolagabetasuna eta abandonua tarteko″. 

Emakumezkoen kontrako indarkeria gainditzeko ″gizarte osoaren konpromisoa″ eskatu du pentsio duinen aldeko mugimenduak. Eta, horrekin batera, ″politika publiko eraginkorrak″ ere. Gainera, hezkuntza, gizarte eta osasun zerbitzuak, epaileak eta bestelako sektoreen inplikazioa eskatu dute. Horregatik, ″emakumezkoen askatasunean, konfiantzan eta errespetuan oinarritutako bikote harremanak eraiki″ nahi dituzte, eta, horretarako, ″gizonezkoen enpatia eta konpromisoa espero dituzte″.

Sakanako pentsiodunen mugimenduko kideen iritziz, emakumezkoen kontrako indarkeria ″bizi garen gizarte, politika eta ekonomia sisteman emakumezkoei ematen zaien bigarren mailako eginkizunen emaitza ere bada, sistema horretan emakumezkoen jarduera gizonezkoena baino okerrago baloratuta baitago″. Horregatik, ″guztiendako enplegu aukera eta soldata justuak″ eskatu dituzte. Eta, horrekin batera, soldata eta pentsioetan generoen artean dagoen aldea gainditzea, alarguntza pentsioaren %100a eta gutxieneko 1.080 euroko pentsioa.