Gizonezkoak gogoeta egitera premiatu dituzte

Guaixe 2022ko aza. 25a, 14:45

Toki erakundeen emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eguneko manifestu aurkezpena.

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaurkoa eta, hori dela eta, Nafarroako 127 toki erakundek, Sakanako udalak eta MANK barne, ‘Egon bada eta badira erantzuleak’ erakunde adierazpen bateratua onartu dute. Ziurtatu dutenez, ″gizonek eragin eta emakumeek jasaten duten indarkeria da″.

Toki erakundeek gaurko propio onartutako adierazpenean azpimarratu dute indarkeriak generoa izateaz aparte, ″gizartean egiturazkoa den eta errotuta dagoen indarkeria″ dela, ″horregatik ematen da kultur testuinguru guztietan eta maila guztietan dago″. Atzera ere nabarmendu dute emakumezkoenganako indarkeriak ″egiturazko erroak eta izaera kulturala″ dituela, ″ukatzeak ez du aurrera egiten uzten eta ezkutatzen du femeninoa denari balioa kentzen dion eta emakumeak mendekotasun egoeran jartzen dituen gizarte antolaketa bat dagoela″. 

Adierazpenaren bidez,  erakundeek ″emakumezkoen giza eskubideen kontra doan sisteman duten boterearen eta parte hartzearen inguruan gogoeta egitera″ gonbidatu dituzte. Aitortu dute azken urteetan gizon askok bat egin dutela berdintasun aldarrikapenekin, eta maskulinitate hegemoniko tradizionalak ezarritako genero aginduak berrikusi dituztela, gizarte berdinzaleago baten alde egiteko xedez. Hala ere, aurrera egiteko ″gizon gehiago inplikatu behar dira modu aktiboan, normalizatutako portaerak (norberarenak zein besteenak) eta kultura matxista betikotzen duten sinesmenak identifikatuz eta aldatuz, justifikaziorik gabe eta beste alde batera begiratu gabe″. 


Aurkezpenean izan ziren sakandarrak.

Dauden indarkeriak 
Toki erakundeek nabarmendu dutenez, emakumezkoen kontrako indarkeria dagoen bezala, erantzuleak ere badirela, ″indarkeriaren oinarria diren desberdinkeriak iraunarazi eta birsortzea eragiten duen engranajea elikatzen dutenak″. Gaineratu dutenez, ″emakumezkoak gutxiagotzen dituen eta aldatzeko prest ez dagoen gizarte androzentriko eta patriarkal batean bizi garelako. Eta indarkeria eragiten, onartzen eta legitimatzen duten gizonak daudelako, beste alde batera begiratuz eta beraiek bezalakoen indarkeriazko jarrera matxistak justifikatzen duten erantzuleak daude″. 

Aldi berean, toki erakundeek aitortu dutenez, ″genero ikuspegia txertatzea bermatuko duen prestakuntza falta da, mundua ikusteko modua eraldatzeko, betaurreko moreak jantzita, gizarte antolaketaren esparru guztietan: judizialean, heziketan, osasunean eta ekonomikoan, besteak beste″. Bestetik, hedabideek ″erantzukizuna emakumeengan kokatzen duten mezuak″ zabaltzen dituztela gaineratu dute, ″arrisku sexualaren gaineko diskurtsoarekin gertatzen den bezala, zeinak emakumeak erasoen errudun eta beren segurtasunaren arduradun egiten baititu″. 

Konpromisoak 
Adierazpena sinatu duten toki erakundeek ″emakumeek edozein esparru eta testuingurutan pairatzen dituzten askotariko diskriminazioek eragindako indarkeria matxista mota oro gaitzetsi″ dute. Horrekin batera, hainbat konpromiso hartu dituzte: ″modu aktiboan lanean jarraitzeko desparekotasunen kontra, emakume zein neskatoen aurkako indarkeria egoeren sorburu baitira, eta horrekin batera gonbit egitea hala gobernuei eta erakunde publikoei baita nazioarteko entitateei eta gizarte zibilari, gogoeta egin eta konpromisoak har ditzaten″.

Aldi berean, ″eraso edo hil dituzten emakume eta neskatoei, indarkeria sexistari aurre egin behar dioten emakumeei eta haien seme-alabei″ elkartasuna adierazi diete. Horrekin batera, adin guztietako gizonezkoei dei egin diete ″emakumeen kontrako indarkeria mota guztien aurrean konpromisoak eta jarrera aktiboak har ditzaten″. Herritar guztiak gonbidatu dituzte ″emakumezkoen kontrako indarkeria gaitzesten jarraitzera, eta hura deuseztatzeko konpromisoa adierazten, baita patriarkatuaren kontrol mota guztiak eta emakumeei askatasuna eta autonomia erabiltzea eragozten dieten muga eta baldintza guztiak salatzen ere″. 

36 
Ilbeltzetik irailera, bederatzi hilabetetan, sakandarrek egindako salaketa kopurua.