Pilota

Ongi hasi dira

Guaixe 2022ko aza. 28a, 11:20

Ezkurdiak eta Martijak Binakako lehen puntua lortu dute

Asteburuan hasi da Binakako Txapelketa eta 2020ko txapeldunek, Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak, hasiera bikaina eman diote, Peio Etxeberriari eta Beñat Rezustari 22 eta 20 irabazi baitzioten ostiralean Azkoitian jokatutako partidan. 

Partida oso lehiatua izan zen hasieratik. Binakakoan debutatu duen Peio Etxeberriak eta Rezustak alde polita atera zuten hasieran, 4 eta 9 eta 5 eta 10 aurreratuz, baina Ezkurdiak eta Martijak hamarna berdintzea lortu zuten eta hortik aurrera parez pare ibili ziren bi bikoak, kalitate handiko tantoak gurutzatuz. 18na, 19na eta 20na berdindu zuten, izandako lehia biziaren isla, baina azken txanpa erabakigarrian Ezkurdia eta Martija finago ibili ziren eta 22 eta 20 irabazita, Binakako lehen puntua lortu zuten. 

Gainontzeko partidei dagokienez, Peña-Mariezkurrenak Urrutikoetxea eta Albisu mendean hartu zituzten (15 eta 22) igandean, eta Lasok eta Imazek Jakari eta Arangureni 22 eta 21 irabazi zieten, Bartzelonan jokatutako partida estuan. 

Elordi-Zabaleta, asteazkenean
Binakako hasierako ligaxkako lehen jardunaldia asteazkenean itxiko da, txapelketan mustutzen den Elordik eta Zabaletak Altunaren eta Tolosaren kontra San Andresetan Eibarko Astelenan jokatuko duten partidarekin. 

Bigarren jardunaldiak dakarrena
Ligaxkako bigarren jardunaldian Ezkurdiak eta Martijak Elordi eta Zabaleta izango dituzte aurkari ostiralean Amorebietan. Larunbatean Jakak eta Arangurenek Peña II.aren eta Mariezkurrenaren kontra jokatuko dute, Lizarran, eta igandean Lasok eta Imazek Urrutikoetxea eta Albisu izango dituzte aurkari Bilbon. Bukatzeko, Altuna III.ak eta Tolosak Peio Etxeberriaren eta Rezustaren kontra jokatuko dute abenduaren 6an Tolosan.