Futbola

Gure hiru taldeak, atzera ere, puntuatu gabe

Guaixe 2022ko aza. 29a, 10:20
Etxarri Aranatz.

Preferente mailako hamabigarren jardunaldiak ez du Sakanan punturik utzi

Asteburuan Preferente mailako hamabigarren jardunaldia jokatu da, eta gure hiru taldeendako ez da jardunaldi gozoa izan. 

Altsasuk Casedan jokatu zuen Beti Casedanoren kontra. Lidergotik gertu egotea zuen jokoan Casedako taldeak eta gora begira jartzea, aldiz, talde altsasuarrak. Lehen zatian eta bigarrenaren gehiengoan markagailuan ez zen mugimendurik egon. Bi taldeak saiatu ziren, baina ez zen golik izan. 73. minutuan Casedak markagailua mustu arte. Altsasu erremontatzen saiatu zen baina ez zen posible izan eta 1 eta 0 galduta itzuli zen Sakanara. 

Etxarri Aranatzek 2 eta 4 galdu zuen Universidad de Navarraren kontra. Iruñeko OPUS-eko unibertsitateak lidergoa lortu nahi zuen, bai ala bai, eta helburu horrekin zelairatu zen San Donaton. Partida oso lehiatuan, Universidad taldea aurreratu zen, baina Etxarri Aranazko Darling Quezadak berdintzea lortu zuen. Tamalez, atsedenaldia baino lehen ate propioan gola sartu zuen Etxarrik eta 1 eta 2 galtzen ari zirela joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian partidari buelta ematera zelairatu zen Etxarri Aranatz. Bai lortu ere, Xabat Goikoetxeak sartutako golari esker. Orduan bi taldeen arteko borroka areagotu egin zen, eta partida berdinketarekin bukatuko zela zirudienean 86. eta 90. minututan gol bana sartu zituen Universidad de Navarrak, etxarriarren animoa lur jota utziz. 

Lagun Arteak Ilunberrin jokatu zuen, izen bereko taldearen kontra. Partida  hasi eta berehala aurreratu zen Ilunberri, eta 13. minuturako 2 eta 0 galtzen ari zen talde lakuntzarra. Hala ere, atsedenaldia baino lehen Sael Ozoriak sartutako golari esker 2 eta 1 gerturatu zen Lagun Artea eta partidan sartu zen. Bigarren zatian partida erremontatu nahi zuen Lagun Arteak eta Ilunberrik, aldiz, partida erabakita utzi. Etxekoek lortu zuten helburua, 56. eta 58. minutuan sartutako golei esker 4 eta 1 aurreratu baitziren. 80. minutuan Ilunberrik ate propioan gola sartu eta horrela despeditu zen partida, 4 eta 2, Ilunberriren alde. 

Sailkapena eta datorrena
Sailkapenak estu-estu jarraitzen du. Etxarri Aranatzen lortutako garaipenari esker Universidad de Navarra da lider berria (27 puntu), Beti Casedano eta Amigo taldeekin puntutara berdinduta. Altsasu seigarren da (18 puntu), Etxarri Aranatz hamaseigarren (10 puntu) eta Lagun Artea hemezortzigarren (5 puntu). 

Asteburuan Altsasuk hamabosgarren den Ilunberri hartuko du, Dantzalekun, eta Etxarri Aranatzek hamalaugarren den Lezkairu, San Donaton. Lagun Arteak Iruñean jokatuko du, Universidad de Navarra liderraren kontra.