Areto futbola

Irurtzungo derbia Aralar Mendirendako

Guaixe 2022ko aza. 30a, 11:45
Derbiko une bat. XOTA

Hirugarren Mailako Ibararte-Xotak eta Aralar Mendik derbi lehiatu eta entretenigarria eskaini zuten Atakondoan

Hirugarren Mailako Areto Futbol Txapelketako zortzigarren jardunaldiak derbi sakandarra ekarri zuen. Ibararte-Xota talde irurtzundarrak Aralar Mendi talde uharte arakildarra hartu zuen Atakondoa kiroldegian. Bi taldeak kiroltasun handiz lehiatu ziren, baina derbiak beti bereziak dira eta Irurtzungoa ere halakoa izan zen eta zaletu asko bildu ziren partida jarraitzera. 

Lehen zatian bi taldeak baloiaren jabetza lortzen saiatu ziren. Xotak pase onak egiten zituen, baina kontrako atean ez zuen arrisku gehiegirik sortu. Aralar Mendik, aldiz, min handia egin zion Xotari. Horrela, horietako jokaldi batean Eneko Cruzek Aralar Mendi aurreratu zuen, 15. minutuan. Bi taldeek jokaldi ederrak sortu zituzten ondoren, baina lehen zatian ez zen gol gehiagorik egon. 

Bigarren zatian Ibararte-Xotak bana berdintzea lortu zuen, Oiar Martiarenak talde guztiak egindako lana borobilduz sartutako golari esker. Lehia bizi-bizia zen, eta partida  bukatzeko 15 segundoren faltan Aralar Mendik bigarren gola sartu zuen, Jon Arenazak faltaz lortutakoa. Irurtzundarrek behera egin zuten, are gehiago segundo batzuk beranduago Jon Iribarrenek Aralar Mendiren hirugarren gola sartu eta partida erabakita utzi zuenean. 

Sailkapena
Hirugarren mailako sailkapenean Universidad de Navarra da lider (19 puntu), Gazte Berriak taldea puntu batera duela (18 puntu). Ibararte-Xota zazpigarren da (10 puntu) eta Aralar Mendik azken bi garaipen jarraituei esker sailkapenean gora egin du: zortzigarren da (6 puntu). Asteburu honetan ez da jardunaldirik jokatuko, baina abenduaren bigarren asteburuan Ibararte-Xotak sailkapenean bosgarren den Kirol Sporten kontra jokatuko du Orkoienen, eta Aralar Mendik hamargarren den Olite hartuko du Uharte Arakilen.