Pilota

Zabaletak eta Elordik euren lehen puntua lortu zuten

Guaixe 2022ko abe. 1a, 10:15
Elordirendako amestutako debuta izan zen. JAVIER COLMENERO

Aise gailendu ziren Elezkanoren eta Tolosaren aurrean

Asteazkenean, San Andres eguna eta feria eguna, Eibarko Astelenak Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako lehen jardunaldiko azken partida hartu zuen. Binakakoan debutatzen zuen Elordik eta Zabaletak Altuna ordezkatu zuen Elezkano eta Tolosa izan zituzten aurkari. 

Elordiren debuta ikusgarria izan zen, amestutakoa. Eibartik 8 kilometrora dagoen Mallabia herrikoa da Elordi, eta Astelenako zaleak alde izan zituen. Zabaletarekin batera, partida goitik behera gidatu zuten. Mallabikoak 13 tanto bukatu zituen eta sakez tanto bat egin zuen, eta soilik hiru akats egin zituen, atzean nagusitu zen Zabaletaren primerako laguntzarekin. Atzelari etxarrendarra 24 egun egon da jokatu gabe, eskuin hankako Akiles tendoian zituen oinazeak zirela medio, eta nahiz eta hasieran urduri zegoela aitortu, maila onean aritu zen. 

Elezkanok eta Tolosak ezer gutxi egin izan zuten bi titanen aurrean, Elordik eta Zabaletak hasieratik alde handia hartu baitzuten, takada ikusgarriei esker. .2 eta 9, 3 eta 13, 4 eta 17, 5 eta 18 aurreratu ziren, azkenean 7 eta gailenduta. Horrela, Binakako euren lehen puntua lortu dute Zabaletak eta Elordik debut ikusgarrian. 

Datorrena
Asteburuan Binakako hasierako ligaxkako bigarren jardunaldia dago jokoan, derbi sakandarra izango duena. Amorebieta-Zornotzak kilate handiko partida hartuko du ostiralean: Ezkurdiak eta Martijak Elordi eta Zabaleta izango dituzte aurkari. Bi bikoak irabaztetik datoz, sasoi onean daude eta bigarren puntua lortu nahi dute. 

Larunbatean, Lizarran, Jakak eta Arangurenek Peña II.aren eta Mariezkurrena II.aren kontra jokatuko dute eta igandean, Bilbon, Laso eta Imaz Urrutikoetxearen eta Albisuren kontra lehiatuko dira. Azkeneko jardunaldia asteartean jokatuko da, abenduaren 6an, Tolosan. Altuna III.ak eta Tolosak Peio Etxeberria eta Rezusta izanen dituzte arerio.