Atletismoa

Sakandarrak elegante Donostiako Zurich Maratoian

Guaixe 2022ko abe. 1a, 11:20

Maratoi erdian Jon Otermin hemezortzigarren eta Asier Estarriaga hogeigarren sailkatu ziren eta 10 km-ko proban Sergio Garcia de Eulate hamalaugarren

Igandean 44. Donostiako Zurich Maratoia jokatu zen, hiru distantziatan: maratoia (42,195 km), Maratoi erdia (21,097 km) eta 10 km-ko lasterketa. Parte hartzea ederra izan zen: hiru probak kontuan hartuta, 6.000 korrikalari ingurukoa. Horietatik, 1.958k lortu zuten maratoia bukatzea, 1.786k maratoi erdia despeditzea eta 860k 10 km-ko proba osatzea. 

Korrika egiteko eguraldi fresko eta ederrarekin, lasterketa ikusgarria izan zen. Errekorrendako tartea ere izan zen, emakumezkoetan Rebbeca Sirwanei keniatarrak marka egin baitzuen (2:23:09), 1995. urtetik Ana Isabel Alonsok zuen errekorra (2:26:51) gaindituz. Gizonezkoetan, Sisay Fekadu Behanu etiopiarra izan zen garaile handia (2:13:29). Hainbat sakandar lehiatu ziren. Aitor Salinas etxarriarra, esaterako, 644. iritsi zen helmugara (3:20:29) eta Erkuden San Martin 1.204. (3:48:10). 

Maratoi erdian Unay Arroyo (1:05:08) eta Fanny Tastet (1:23:21) gailendu ziren. Jon Otermin Zelaia hemezortzigarren sailkatu zen (1:12:59) eta Asier Estarriaga Navarro hogeigarren (1:13:18). 

Bukatzeko, 10 kilometroko proban Oliver Löfqvist (29:53) eta Ana Llorens (35:31) izan ziren txapeldun handiak. Goiko postuak begiratuta, Sergio Garcia de Eulate altsasuarra hamalaugarren sailkatu zen (33:45) eta Ivan Sobredo 28. (34:43). Mikel Berdud 45. iritsi zen (36:26) eta Iraitz Senar 234 (47:01).