Automobilismoa

Arkaitz Irigoien eta Raul Lopez, Doneztebeko podiumean

Maider Betelu Ganboa 2022ko abe. 12a, 11:25

Iker Irigoien eta Raul Lopez, Solo Turboko podiumean. UTZITAKOA

Malerrekako Rallyko ibilbidean jokatutako Solo Renaulteko Turbo kategorian bigarren izan ziren

Azaroaren 26an VI. Malerrekako Rallya jokatu zen, rally gogorra eta ikusgarria. Rally ezaguna antolatzen zela probestuz, Renaultek I. Solo Renault Group 2022 lasterketa antolatu zuen, ibilbide berean. Lehendabizi Malerrekakoak aritu ziren, eta ondoren Solo Renaultekoak. Renault etxeak gonbidatuta, maila handiko pilotuak hurbildu ziren Doneztebera: Jorge Cagiao Renaulteko pilotu ofiziala (Clio Rally4), Carlos Sainzen anaia Antonio Sainz (R5 Copa), Javier Martinez (R5 GT Turbo)… Bezperan lasterketa aurkezteko ekitaldia antolatu zuten Iruñeko Renaulten, eta han izan ziren Sakana Motorsporteko Arkaitz Irigoien Barandiaran pilotu bakaikuarra eta Raul Lopez Bartolome kopilotu olaztiarra (Clio Maxi). "Sekulako ikuskizuna izan zen" diote. 

Rally "ikusgarria"
Larunbatean jokatu ziren VI. Malerrekako Rallya eta I. Solo Renault Group lasterketa, egun osoan. Malerrekako Rallyan Sakana Motorsporteko Iker Askargorta Zozaia eta Aitor Fernandez Ganuza olaztiarrek parte hartu zuten (Astra GSi). Lan ona egin zuten, rallya bera despeditzea arrakasta izan baitzen, 19 autok lasterketa utzi behar izan baitzuten. "Lasterketa ikusgarria izan zen. Eremuak azkarrak ziren, bezperako euriarengatik bustiak eta hezeak. Espero genuena baino azkarrago ibili ginen eta Malerrekan zegoen maila handia kontuan hartuta, emaitza ona izan zen" azaldu du Askargortak. Malerrekako Rallya Jorge Cagiao izan zen (Clio Rally 4, 50:06.300-eko denbora) eta Askargorta eta Fernandez hamahirugarren (57:08.400). Bestalde, Iñigo Galarza iturmendiarrak Malerreka Motorsport eskuderiako Alvaro Gutierrez pilotuarendako kopilotu lanak egin zituen (Saxo VTS) eta hemeretzigarren sailkatu ziren (1:00:08.600). 

Behetik gora
I. Solo Renault Group lasterketan "behetik gora" egin zuten Arkaitz Irigoienek eta Raul Lopezek. Maila honetan bederatzi taldek proba utzi behar izan zuten. "Guk lasterketa bukatzea nahi genuen, kosta ala kosta, aurreko edizio batean Arkaitzek ezin izan zuelako despeditu. Eta lortu genuen" azaldu du Raul Lopezek, kontentu. "Proba zaila izan zen. Lurra bustita zegoen, tarte batzuetan hosto erori asko zeuden eta bihurgune batzuk guztiz lokaztuta zeuden" oroitzen du. Azkenean zortzigarren denborarik onena egin zuten (57:30.800), Kastinparro Racing taldeko Ioritz Odiaga eta Iker Mientegia txapeldunetatik (Megane) 5 minutura (52:08.100), eta Solo Turbos mailan bigarrenak izan zirenez, podiumera igo ziren."Autoari zentralita aldatu genion eta azkarrago dabil. Probak egiten gabiltza" dio olaztiarrak, ilusioz. Denboraldia bukatuta, datorrenerako gogotsu daude.