Gasteiz eta Iruñea Abiadura Handiko Trenaren (AHT) bidez Ezkion edo Sakanan barnan joanen den ibilbidea politikarien arteko eztabaidagai da udaz geroztik eta hedabideetan gaiak presentzia izan du. Sortuko kideen iritziz, ″balizko loturarena benetako eztabaida ezkutatzeko estrategia besterik ez da, eztabaida AHT bai edo AHT ez baita. Benetako eztabaida da diru publikoa herritarron bizi baldintzak hobetzeko erabiliko den edo gutxi batzuen enpresa mozkinak handitzeko izango den″.
Sortukoek gaineratu dutenez, ″AHT Nafarroako eskualdeak eta herriak isolatuko dituen eta elite ekonomikoei onura egiten dien tren eredu bat baino ez da, baliabide naturalak, ingurumenekoak eta nekazaritzakoak kaltetzen dituena″. Egitasmoaren defendatzaileei ″gezurretan aritzea″ leporatu diete, ″AHT- ez baitago prestatua merkantzien garraioa egiteko. Eusko Jaurlaritzak dagoeneko onartu du AHT-ak ez duela merkantziarik garraiatuko″.
AHT ″inposatu nahi digute″ esan dute Sortukoek. Gogorarazi dute trena Sakanan ″garraiobide garrantzitsua″ izan zela, ″eta garrantzitsua izaten jarraitu behar du″. Zeuden bederatzi geltokietatik hiru besterik ez daudela funtzionamenduan gogorarazi dute. ″Ohiko trenen murrizketak gero eta handiagoak dira, zerbitzua gero eta kaxkarragoa, AHTaren finantzazioak geroz eta diru gehiago behar duelako. Amaigabea den diru publiko xahuketaren aurrean gaude, eta proiektuaren kudeaketari ustelkeriaren kiratsa dario″.