Nafarroa Ezagutu Sareak batzarra egin du

Guaixe 2022ko abe. 2a, 13:30
Nafarroa Ezagutu Sareko bilera talde argazkia. NAFARROAKO GOBERNUA

Egindakoen errepasoa eta eginen direnen berri ematearekin batera, barne araudia ere berritu zuten. Sareak gaur egun 53 erakunde bazkide eta 16 elkartu ditu.

Astitzeko Mendukilo kobazuloan, ohiko batzar orokorra egin zuen Nafarroa Ezagutu Sareak asteazken arratsaldean. Bertako kide dira, besteak beste, Plazaola turismo partzuergoa, Aralar elkartea eta Sakanako Garapen Agentzia. Azken bi horiek ordezkatzen bileran izan ziren Patxi Xabier Razkin Sagastibeltza eta Paki Urbitarte Cabrera. 

Nafarroa Ezagutu Sareko lehendakari eta Plazaola Kontsortzio Turistikoko zuzendari kudeatzailea den Gustavo Ortiz de Barronek, Sareko lehendakariorde eta Nafarroako Gobernuko Proiektu Estrategikoetako zuzendari nagusia den Ruben Goñik eta Nafarroako Gobernuko eta Lursareako (Nafarroako Lurralde eta Iraunkortasunaren Agentzia, Nasuvinsaren eremu gisa) teknikariek aurten egindako eta datorren urtean burutu nahi diren jarduerak errepasatu zituzten.

Bileraz
Aurten egindakoen artean dago  Sakana-Plazaola-Aralar eta Bidasoa-Leurtzan eskualdeetan hamar pertsona iraunkortasun-teknikari gisa trebatu izana, joan den urteko Lizarraldeko prestakuntzari segida emanez. Heldu den urtean, prestakuntza eta kontratazioa Iruñerrian eta Pirinioaurrean eta Zangozan garatu nahi dute proiektu hori. Sareko arduradunek azaldu zutenez, ″teknikariaren figura oso ondo baloratu dute espazioetako erabiltzaileek nahiz horien kudeatzaileek″.

Batzarrak bere barne-araudi berria onartu zuen; bertan, espazio zehatz bat ez duten aditu eta kolaboratzaileentzako elkartekidearen figuraren definizio berria sartu da. Bazkideak diren erakundeen eskubideak eta betebeharrak ere osatu dira; hau da, batzar orokorretara joatea, sareko lana eta urteko lan plan bat egitea, garapen iraunkorrarekin loturiko 3 ekintzarekin gutxienez.

Sareaz 
Nafarroa Ezagutu Sarea Foru Komunitateko natura-gune babestuak eta erabilera publikoko espazio bereziak eta ibilbideak kudeatzen dituzten 60 erakunde baino gehiagok osatutako elkartea da, eta esperientziak trukatzeko, sarean lan egiteko eta baliabideak optimizatzeko topagunea dela esan daiteke. Horrez gain, espazio horietako bisitarientzat eskaintza eta zerbitzua hobetzeko lan egiten du, tokiko erakundeei eta beste erakunde batzuei lagunduaz, toki-garapenean eta herrietako enpleguaren sorreran aritzen diren toki horien kudeaketa iraunkorra egiteko.