Euskararen Egunaren bezperan, gaur, despedituko da Euskaraldia. Hitzez ekiteko garaia dela esan digu haren leloak. Makina bat jendek helburu horrekin bat egin dute izena eman eta txapa jantzi du. Euskaraz bizi diren herritarrek hizkuntza estresari egunero aurre egin behar izaten diogu: "honek euskara jakinen du? Zerbitzariak ez dit ba muturbeltza jarri euskaraz hitz egin diodalako!" Eta halako beste makina bat esaldi ahoratzen dituzte. Horrek pertsona asko euskararen espaloia utzi eta erdararen kalea hartzera eramaten ditu, halakorik ez sufritzeko. Inguruaren inertziagatik kale horretan eroso ibiltzen dira euskara dakiten asko, sekula hizkuntza estresik bizi gabe. Euskaraldiak halakoak saihesteko edota aldaketa probatzeko kolektiboaren babes esparrua eskaini du, hizkuntza praktikak bermatu eta, nahi izanez gero, hartutako ohitura batzuk aldatzeko, euskararen espaloira igotzeko.
Gaur despedituko da Euskaraldia. Batzordetako kidek eskatu zuten norberak bere buruarekin konpromisoa edo erronka bat hartzea, ariketa bitartean eta bukaeran betetze maila ebaluatzeko. Bakarkako lan hori egiteko garaia da orain. Eta erronka horiek finkatzeko ere. Baina ez soilik arlo pertsonalean. Izan ere, arigune figuraren bidez entitate mordo batek parte hartu dute Euskaraldian. Kultur, gizarte eta kirol elkarteek, erakundeek, enpresek, merkataritza, ostalaritza eta bestelako entitateek ere euskararen biziberritzean eragiteko aukera dute, bai barrura begira, bai kanpora begira ere.
Euskaraldia hizkuntza ohituretan eragiteko 15 eguneko ariketa bat da, bi urtean behin egiten dena. Ariketa bukatu da, baina bukaera bera hasiera ere bada. Hurrengo Euskaraldia bitartean bestelako ariketak egin daitezke norberaren hizkuntza ohiturak aldatu eta, aldi berean, norberaren inguruan eragiteko. Aurrera begirako konpromiso aukera batzuk izan daitezke, esaterako: lehen hitza euskaraz egitea, beste herri edo hiriburu batera joatean euskaraz hitz egitea, euskaraz hitz egiteko zailtasunak dituzten pertsonekin euskaraz hitz egitea, ordenagailuak eta sakelako telefonoak eta haien nabigatzaileak euskaraz konfiguratzea, mintzakide programan izena ematea, ezagutzen ez dugun pertsonei euskara eskaini eta hizkuntzarako ateak zabaldu…