Bazterretik

Non zaude Ska?

Hodei Alegre Gil 2022ko abe. 12a, 10:03

A ze garaiak haiek, Betagarri kotxean, Skalariak tabernako bafleetan edota Vendetta leku guztietan. Orain aldiz, ezin dugu ska erritmorik inon aurkitu, desertu bihurtu da duela urte gutxi oihana zena. Arrazoiak nonbait egon behar luke, baina pentsatzen jarri bezain pronto tabernako tekno musikak gortzen nau. Zartako-k-ren abesti batean esan bezala: "Zer gertatzen ari da Euskal Herriko panorama musikalean? Patxangeoa eta tekno-kaka modan daude ala?". 

Skaren desagerpena errealitate bat da jada, azken hamarkadan biga-bost talderen joanarekin ez dira berriak etorri eta jarraitzaileek horren aurrean ez dute ezer  egin. Horren partez euskal tekno eta reggaetoi berriak sortzen ari dira, hori aro aldaketa da, eta ezin zaio ezer egin patuari. Baina arraroa da, noski, Skari hesirik jarri gabe ezerezean joatea. Skarekin hasi eta jamaikar sustraituarekin eman diote etorkizuna Skabidean-ekoek aldiz, rocksteady eta reggae erritmo ez hain entzunak euskal gazterian sartu eta arnasgune topa dezakegu bertan skaren gaurkotasun falta sentitzen dugunean.
Beste alde batetik ere topatzen ditugu des-ska-zazioak (ska kantak pop-rockera pasatzea). Horietan errege Skakeitan ditugu, ez horren urrun ETS, eta beste hainbat aipatuko ez ditudanak.

Etorkizunean zer datorren inork ezin du jakin, indartze bat izan dezake genero honek edo heriotza, lapida eta guzti. Musika baino gehiago da umeak ginela gedar edo garrasi egiten genuen moduan, orain mendiko botak eskegi ditugu, "denak arazoak izan arren Ska beti ez baita dantzatzen".