Euskaraldia gizartean finkatzen ari da

Guaixe 2022ko abe. 2a, 12:22

Euskaraldiko balorazioa egin dute gaur goizean. Ezkerrean Sakanatik joandako bi ordezkariak. UTZITAKOA

Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozialaren antolatzaileek hala esan dute balorazioa egiterakoan. 161.099 lagunek izena eman edo berretsi dute aurtengo edizioan. Gainera, ariguneen sorreran sakonduz eremu berrietan pausoak eman dituzte entitateek.

Hirugarren Euskaraldiaren balorazioa egin dute ekimenaren koordinazioko mahaiko kideek gaur goizean. Haiekin batera prentsaurrekoan hainbat arigunetako eta batzordeetako ordezkariak ere izan dira, azken horien artean Sakanakoak ere. Arduradunek agerraldia baliatu dute herrietan eta hainbat entitatetan osatu diren Euskaraldia batzordeen ″lan eskerga″ azpimarratu nahi dute, ″sare zabal hori gabe ezinezkoa litzateke tamainako ekimena antolatzea″. 

Balorazioa egiterakoan sustatzaileek, lehenik eta nbehin, nabarmendu dutenez, ″aurreko bi edizioetan herritar eta entitateen hizkuntza praktikatan eragiteko proposamen berriak ekarri zituen ekimen berritzaile honek eta hirugarren edizio honetan Euskaraldia, ariketa ezaguna izateaz aparte, gizartean txertatua eta normalizatua dagoela ikusi dugu″.

Ekimenaren antolatzaileek gogorarazi dute ″Euskaraldia gizartean oso barneratuta dauden arau sozialetan eragiteko eta aldatzeko proposamena dela eta edizioz edizio ari gara bide hori urratzen. Herritarrak ariketak proposatzen dituenak ulertzen eta barneratzen ari dira″. Horregatik uste dute ahobizi eta belarriprest rolak eta haiek eskatzen duten jokaerak gero eta hobeto ulertzen direla. Gainera, ″partaideek badakite hau ez dela euskararen aldekotasuna adierazteko kanpaina bat″. Aldi berean nabarmendu dutenez, ″Euskaralditik proposatzen den ‘lehen hitza euskaraz’ arau sozial berriak aurrerapauso handiak eman ditu lau urteotan″. 

Beste gizarte arau batean ere aldaketa sumatu dute antolatzaileek: ″euskaraz ulertzen duenarekin euskarari eusteko jokabidea ere gero eta barneratua dago″. Haien iritziz hirugarren Euskaraldiak ere agerian utzi du ″ariketa efektiboa dela, proposatzen diren ahobizi eta belarriprest rolei lotutako portaerei eusterakoan, norberaren euskararen erabilera hazi egiten da. Eta entitateetan euskaraz eroso aritzeko neurriak hartu eta gune babestuak sortzen direnean ere euskaraz gehiago egiten dela. Ariketak emaitzak ematen ditu, beraz″. 

Kopurua eta ariketaz
Ekimenaren koordinazioko mahaiko kideek jakinarazi dutenez, aurreko edizioaren parte hartze kopuruaren parekoa izan da aurtengoa: ″161.099 lagunek izena eman edo berretsi dute. Oso datu ona iruditzen zaigu, pentsatu behar baitugu herritar horiek guztiek, hartu dutela tarte bat izena eman edo beraiek parte hartzea berresteko eta hori itzela da″. Susmoa dute aurreko edizioan izena eman zuten askok ere parte hartu duela berretsi gabe. Izan ere, ″herrietako batzordeetatik jaso ditugun datuen arabera, izena eman dutenak baino herritar gehiago hurbildu dira txapak jasotzera antolatutako banaketa puntuetara″. 

Bestalde, ekimenaren antolatzaileen pertzepzioa da ″jendeak ez dituela txapak uneoro erabili, eta nahi baino txapa gutxiago ikusi ditugula kalean″. Euskaraldian izena eman dutenetako batzuk ariketa hasi aurretik galdetegia jaso zuten, aurki beste bat eta hemendik aste batzuetara azkena. Horiek erantzuten dituztenek ikerketa baten parte izanen dira. Eta hark ″Euskaraldiaren eraginaren inguruko datu gehiago emanen dizkigu″, esan dute. Datu horiek hurrengo urtearen lehen erdirako eskua artean izatea espero dute.

Bestalde, Euskaraldiak parte hartu dutenez haratagoko eragina dutela azpimarratu dute: ″txapa jantzi edo parte hartu ez dutenek ere badakite zer den Euskaraldia, eta gehienek gogo onez hartzen dituzte belarriprest eta ahobiziak, aurreko edizioetako ikerketek erakutsi duten modura″. Gaineratu dutenez, ″gizartean ariketa ezaguna izateak egonkortzean lagundu du″. 

Ariguneak 
Gaur jakinarazi dutenez, 6.634 entitatek izena eman dute eta 8.563 egoitzatan sortu dira euskaraz lasai hitz egiteko tokiak. ″Ariguneena ere geroz eta hobeto ulertzen da eta ariketak bilakaera oso positiboa izan duela azken edizioan. Gainera, aurreko ariketetan iritsi ez ginen eremuetara iritsi gara aurtengoan″, jakinarazi dute sustatzaileek. Hala ere, horretan pandemia testuingururik ez izateak eta entitateen lanketa proposamen berria eta berritzailea ez izateak lagundu diela aitortu dute. 

Jakinarazi dutenez, ″entitateetako zuzendaritzek ekimena babestu eta neurri zehatzak hartzeko apustua egiten duten kasuetan, aldaketa esanguratsuak emateko pausoak ematen hasten direla ikusten da″. Hala ere, azpimarratu dutenez, ″esparru sozio-funtzionalean lan handia dago egiteko, baina urratsak eman dituzten entitateek erakusten dute, erabakimena dagoenean erabileran aurrerapausoak eman daitezkeela eta bide erakusle direla gainontzekoendako″.

Eraginaz 
Antolatzaileek gogorarazi dutenez, ″aurten, hasiera-hasieratik, Euskaraldiaren eraginean jarri nahi izan dugu arreta″, eta, alde horretatik, ariketarekin ″pozik″ daudela esan dute, lehenik, ″milaka pertsonak ariketa hausnartuta eta modu sakonean egin″ dutelako. Bestetik, ″milaka lagunek erronkak jarri dizkiotelako beren buruari eta erronka horiek lortzen saiatu dira 15 egunetan: batzuk beteko zituzten beraien asmoak, beste batzuek ez zuten lortuko, baina modu kontziente eta hausnartuan eginik, aurrerapausoak eman dituzte″. Gaineratu dutenez, ″txapa eramanda 15 egun hauetan estres linguistikoa murriztu zaiela ikusi dute partaide askok eta, lehen ediziotik esan izan dugun modura, uste baino jende gehiagok euskara ulertzen duela ikusi ahal izan dute″.


  
Aurrera begira
Euskaraldia despeditzear dela etorkizunerako erronkak ere aipatu dituzte. Batetik, ahobizi eta belarriprest rolak gizarteratzen segitu beharra. ″epe luzeko lana izango baita. Pauso sendoak eman ditugu azken lau urteetan. Lehen hitza euskaraz izatea, ulertzen dutenen aurrean euskarari eustea eta elkarrizketa elebidunak mantentzea duela lau urte baino onartuagoak eta txertatuagoak daude gizartean eta gure egunerokoan. Eta legitimazio hori oso garrantzitsua da hiztunok gure hizkuntza hautuak egiteko momentuan″. 

Bestetik, txapa erabiltzearen garrantzia azpimarratu dute, ″ariketarako beharrezkoa baita″. Aitortu dutenez, ″aurten nahi baino txapa gutxiago ikusi da kalean eta aztertu beharko dugu zein aldaketa egin behar dugun gehiago ikus daitezen″. Berriro ere azpimarratu dute: ″Euskaraldian oinarrizkoa da euskaraz aritzeko aukerak bistaratzea eta txapek funtzio hori betetzen dute. Ikerketek diote gure hizkuntza ohiturak errazago aldatzen ditugula txapak ikusten ditugunean, babestuta sentitzen garelako eta estres linguistikoa murrizten zaigulako. Komunitatea ikusgarri egitea euskararendako oso garrantzitsua da″.

Horretaz aparte, gogorarazi dute Euskaraldia ariketa praktikoa dela. ″Hiztunon portaeratan eta praktikatan eta entitateen neurrietan eragiten jarraitu behar dugu, Euskaraldian eta Euskaralditik kanpo ere″. Azaldu dutenez, euskararen alde agertzeko kanpainetatik aparte, ″Euskaraldiarekin bide berri bat zabaltzen ari gara, gure eguneroko ohitura eta portaeretan eragiteko″. Aldi berean, azpimarratu dute Euskaraldia bi urtetan behin egiten den ariketa dela, ″baina behar beharrezkoa da euskararen erabilera sustatzeko bestelako ariketa praktikoak ere egon daitezen. Euskaraldia bakarrik ez da nahikoa. Arau sozialak aldatzeko lanean ari gara eta inertziak apurtzeko eremu ezberdinetan proposamen berriak egotea garrantzitsua da″. 

Horregatik berretsi dute ″Euskaraldia pertsona eta erakundeen egunerokoan dauden praktika, politika eta plangintzen osagarria den ariketa soziala″ dela. Ildo beretik segituz, esan dute ″Euskaraldiak behar du ediziotik ediziora norbanakook gure hizkuntza ohituretan aldaketak egiten jarraitzea eta era guztietako entitateek beraien hizkuntza plangintza eta politiketan urratsak ematen jarraitzea″. Ziurtatu dutenez, ″bi urtetik bi urtera emandako pauso guzti horien erakusleiho paregabea izango da Euskaraldia″. Azkenik, entitate eta arte hartzaile guztiei dei egin diete ″eman dituzten pausoei segida emateko bihartik aurrera ere. Jarrai dezagun hizkuntza ohiturak aldatzen eta euskararentzako gune erosoak sortzen″.