Pilota

Batzuk gorenean, eta beste batzuk guztiz arrankatu gabe

Guaixe 2022ko abe. 12a, 11:00
Tolosa, Altuna, Ezkurdia eta Martija material aukeraketan. ASPE

Elordi eta Zabaleta Binakako liderrak dira orain arte jokatutako hiru partidak irabazi eta gero. Ezkurdiari eta Martijari, aldiz, martxa egokia hartzea kostatzen ari zaie

Binakako Pilota Txapelketa hasi besterik ez da egin baina Elordi eta Zabaleta txapelketako protagonistetako batzuk izango direla entzuten da pilotazaleen ahotan. Orain arte jokatutako hiru jardunaldietan erraz gailendu dira eta bikote arriskutsua osatzen dute. Oso. Ultzaman Peio Etxeberriaren eta Rezustaren kontra jokatutako partidan ikusgarri aritu ziren eta 10 tantotan utzi zituzten arerioak. 

Labriten, polemika tarteko
Mukuru beteta zegoen Labriten, Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak ezin izan zituzten lesiotik bueltan zegoen Jokin Altuna eta Xabier Tolosa mendean hartu. Partida takadaka jokatu zen eta lehiatua izan zen hasieran, borrokatua eta paretsua, baina hamalauko berdinketaren ondoren Altunak eta Tolosak ihes egin zuten eta zuzenean joan ziren 22ra, sakandarrek burua ezin altxatu zenbiltzan bitartean. Materialak zeresan handia izan zuen, piloten arteko ezberdintasuna nabarmena baitzen, eta polemikak ere tartea izan zuen, 14 eta 13koan epaileek buelta bat ez seinaleztatzeak pilotari sakandarrei min handia egin zien. Azkenean, punturik gabe geratu ziren sakandarrak, baina oraindik motorra behar bezala martxan jartzeko nahikoa tartea dute.   

Hiru jardunaldi jokatuta, Elordi eta Zabaleta dira liderrak, hiru punturekin. Peña-Mariezkurrenak, Laso-Imazek, Urrutikoetxea-Albisuk eta Altuna-Tolosak bina puntu dituzte, Ezkurdia-Martijak puntu bat eta Jaka-Arangurenek eta Peio Etxeberria-Rezustak punturik ez. 

Datorrena
Laugarren jardunaldia asteartean, Santa Lucia egunean hasiko da Urretxun. Jaka eta Arangurenek Altuna eta Tolosa izango dituzte aurkari. Ostiralean Sakanara iritsiko da txapelketa, liderrek, Elordik eta Zabaletak, Urrutikotxea eta Albisu izanen baitituzte arerio. Larunbatean partida ederra  jokatuko da Labriten, Ezkurdiak eta Martijak Peña II.a eta Mariezkurrena izango dituztelako aurkari. Bukatzeko, Lasok eta Imazek Peio Etxeberriaren eta Rezustaren kontra jokatuko dute igandean Bilbon.