Futbola

Lakuntzako derbiko puntuak Altsasura joan ziren

Guaixe 2022ko abe. 13a, 10:42

Lagun Arteak markagailua mustu zuen, baina hiru puntuak Altsasuk eskuratu zituen.

Preferente mailak Lagun Artearen eta Altsasuren arteko lehendabiziko derbia hartu zuen. Etxarrik ezin izan zuen Lezkairutik punturik ekarri

Asteburuan Preferente mailako hamalaugarren jardunaldia jokatu zen. Lakuntzako Zelai Berrik Lagun Artearen eta Altsasuren arteko lehen derbia hartu zuen Altsasu Preferente mailara igo zenetik. Partida oso lehiatua izan zen, eta derbi guztiak bezala, berezia. Partida hasi eta ordu laurdenera Lagun Arteak aurreratzea lortu zuen Unai Zubiriak sartutako golari esker. Altsasuk ez zuen etsi, eta Imanol Lobok bana berdintzea lortu zuen sei minutu beranduago. Partida gogortu zen ondoren, eta Altsasuk hobe jokatu zuen une horietan. Gainera, atsedenaldira joan baino lehen bigarren gola sartu zuen Imanol Lobok eta 1 eta 2 jarri zen aurretik Altsasu. 

Bigarren zatian erasokor atera zen zelaira Lagun Artea eta berdinketa lortzeko aukerak izan zituen, baina lakuntzarrak ez ziren fin ibili eta Altsasuk abantailari eutsi zion. Azken minutuan, gainera, Jose Joaquin Montoyak gola sartu zuen eta 1 eta 3 irabazita itzuli ziren altsasuarrak etxera. 

Bestalde, Etxarri Aranatzek ez zuen punturik bildu Lezkairuko Sotoan. Soto Ibarbaso taldearen kontrako partida ongi hasi zen etxarriarrendako, Aimar Lizarragak sartutako golari esker 0 eta 1 aurreratu baitzen Etxarri Aranatz. Bigarren zatian partidari buelta eman nahi izan zion Soto Ibarbasok eta baita lortu ere, 61. minutuan berdinketaren gola sartu baitzuten. Bi taldeak garaipenarengatik gogor lehiatu ziren, eta partida banakako berdinketarekin despedituko zela aurreikusten zenean, 90. minutuan garaipenaren gola sartu zuen Soto Ibarbasok, etxarriarren zorigaitzerako. 

Sailkapena
Sailkapenari dagokionez, Universidad de Navarra da Preferente mailako liderra (31 puntu), Beti Casedanorekin puntutara berdinduta. Altsasu seigarren postuan dago (24 puntu),  Etxarri Aranatz hamaseigarren postuan (10 puntu) eta Lagun Artea hemezortzigarrenean, azken postuan (5 puntu). Beraz, azpiko postuetatik ateratzeko erreakzionatu behar dute Etxarrik eta Lagun Arteak. 

Asteburuan Universidad de Navarra liderra hartuko du Altsasuk, Etxarri Aranatzek zazpigarren den Valle de Egues B taldea izango du aurkari San Donato zelaian eta sailkapenean hamalaugarren den Itaroa Huarte B taldearen kontra lehiatuko da Lagun Artea Uharte Iruñean.