Bertsolari Txapelketa Nagusira finalerako sarrera bat bilatzea azken astetako erronka bihurtu da bertsozale askorendako. 13.000 bertsozaleren bilgune bihurtuko da Iruñeko Nafarroa Arena abenduaren 18an, igandean. Goizeko saioa 11:00etan hasiko da, eta arratsaldekoa 17:00etan; ateak ordu bat lehenago irekiko dituzte eta etxetik ere finala ikusteko aukera izanen da.
Zortzi bertsolari ariko dira Arenako oholtzan: Aitor Mendiluze Gonzalez, Alaia Martin Etxebeste, Amets Arzallus Antia, Beñat Gaztelumendi Aradia, Joanes Illarregi Marzol, Maialen Lujanbio Zugasti, Nerea Ibarzabal Salegi eta Sustrai Colina Acordarrementeria.
Aurkezleak eta gai emaileak Alaitz Rekondo Ferrero, Aritz Bidegain Aire, Idoia Anzorandia Kareaga eta Ion Zaldua Brit izanen dira. Epaileen artean sakandar bat egonen da, Joseba Beltza Bengoetxea etxarriarra. Harekin batera ariko diren epaileak izanen dira: Ainhoa Sarasua Lascary, Aitor Jimenez Tolosana, Amaia Otxotorena Gamio, Eneko Bidegain Aire, Eneritz Azkue Basurko, Joseba Santxo Uriarte, Miriam Juaristi Urizar eta Nerea Bruño Artazkoz.
Sarien banaketarako Bertsozale Elkarteak bertsolaritza ez ezik, euskalgintza eta kulturgintza ere islatu nahi izan ditu. Iñaki Murua Jauregik jantziko dio txapela irabazleari, urte luzez bertsolaritzako eragile gisa egindako bidea aitortuz. Bigarren sailkatuari 2022ko Euskal Herriko Eskolartekoaren bertsolari txapelduna den Irantzu Idoate Funosasek emanen dio. Sagraio Aleman Astitzek urte luzez Iruñeko Arturo Campion euskaltegiko zuzendaria izandakoa eta Nafarroako euskalduntze mugimenduko erreferente nagusietako batek hirugarren eta seigarren sariak banatuko ditu.
Edurne Azkarate Sobrino aktoreak laugarren eta zazpigarren sariak emanen ditu. Bestetik, munduan zehar kantu inprobisatuaren ordezkaritza izanen da Arenako oholtzan ere eta Paulu Zedda Sardiniako cantada bat-bateko kantuko inprobisatzailea edo cantadoriak bosgarren eta zortzigarren sariak banatuko ditu.
Sarien sortzaileen artean Dora Salazar artista altsasuarra dago. Hirugarren postutik zortzigarrenera bitarteko bertsolariek jasoko dituzte hainbat margolariek egindako lanak, tartean Salazarrena.