Oderitz eta Larrazpil artean zirkuluan ibili ziren 70 bat pertsona igande goizean, Aralar Zaindu Dezagun! Gasbidea hemendik ez! plataformak deituta. Etxeberri eta Lekunberri artean, Aralar mendian barna egin nahi den gasbide proiektuaren kontra dagoen erakundeak deitutako laugarren mendi martxa da eta haren bidez egitasmoak ukitu eta kaltetuko lituzkeen parajeak ezagutarazteko antolatu zuten. Mendizaleek Larrazpil eta Lamear trikuharriak edo Usuiturrietako putzua bisitatu zituzten. Oderizko plazatik 09:30ean abiatutako ibilaldia toki berean bukatu zen 12:30ean.
Mendi ibilaldian zehar hainbat geldialdi egin zituzten eta haien bidez Naturgy taldeko Nedgia enpresak egin asmo duen proiektuak ingurumenean, gizartean eta ekonomian izanen lituzkeen ondorioetako batzuk ezagutarazi zituzten, esaterako: 6.000 zuhaitz baino gehiago moztea, Aralarko naturgune babestutik pasatzea edo gasbideak paraje karstiko, kobazulo, akuifero eta monumentu megalitikoetatik izan dezakeen irismena.