Burunda mendebaldeko mankomunitatean 11 lanpostu betetzeko

Guaixe 2022ko abe. 15a, 11:46

Garbitoki eraikinaren goiko solairuan dago mankomunitatearen egoitza.

Deialdian parte hartu nahi dutenek abenduaren 27ra arte dute eskabideak aurkezteko epea. 

Altsasuko, Olatzagutiko eta Ziordiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak jakinarazi duenez, hutsik dauden 11 lanpostu merezimendu-lehiaketaren bidez beteko ditu. Horretarako egin duen deialdia enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriak zehazten dituen legeriari segituz egin du. 

Burunda mendebaldeko mankomunitateak bete nahi duen lanpostuetako bat administrari laguntzailearena da. D mailakoa, lan kontratudun finkoa izanen da eta lanaldi osoan ariko da. Lanpostuak euskarazko C1 euskara eskakizuna du. Bestetik, hiru familia langile aukeratuko ditu, D mailakoak eta lanaldi osoan aritzeko. Hirurei euskarazko B1 maila eskatzen zaie. Bi funtzionarioak izanen dira eta bestea lan kontratudun finkoa. 

Horretaz aparte, mankomunitateak bi gizarte hezitzaile kontratatuko ditu, B mailakoa, lan kontratudun finkoa izanen dena eta lanaldi osoan ariko dena. Euskarazko C1 maila izan beharko da. Deialdian ere beste hiru gizarte langile hautatzeko prozedura martxan da. B mailako eta lan kontratudun finkoak izanen dira. Batek lanaldi osoa izanen du, eta beste biek partziala. Aurrekoan bezala, hizkuntz eskakizuna C1 da. Bestetik, psikologoa ere kontratatuko du mankomunitateak. A mailakoa eta lan kontratudun finkoa izanen da. Lanaldi partzialean ariko da eta euskarazko C1 maila izan beharko du. Azkenik, mankomunitateak garbiketako peoia behar du, E mailakoa, lan kontratudun finkoa izanen da eta lanaldi partziala izanen du. Euskarazko B1 maila eskatzen zaio.