Binakako Pilota Txapelketako laugarren jardunaldia dago jokoan, eta jardunaldi honetan Aspe eta Baiko bi enpresetako bikoteak elkarren kontra ariko dira. Gaur, abenduak 16, ostirala, Sakanara iritsiko da Binakakoa, Irurtzungo Bi Aizpe pilotalekuak partida itzela hartuko baitu, Elordi eta Zabaleta liderrek Urrutikoetxearen eta Albisuren kontra jokatuko dutena (22:15, ETB1). Ondoren Promozioko Binakako partidari ekingo diote Salaberria-O.Etxebarriak eta Larrazabal-Eskirozek.
Asteartean egin zuten material aukeraketa. Izugarrizko hotza zegoen frontoian. "Hozkailu ederra da hau" zioen irribarrez Aspeko intendente Jon Apezetxeak. Material aukeraketan ez zen inolako arazorik egon eta pilotariek azkar aukeratu zituzten pilotak. Takoak jantzita Baikoko Urrutikoetxea eta Albisu, segidan Irurtzunen entrenatu baitzuten, eta takorik gabe, xaboi ontzia erabilita Elordik eta Zabaletak, arratsaldean Labriten entrenatzekoak baitziren, Bomboneran "epelago" egongo zirelakoan.
"Bere bigarren etxean" jokatzeagatik "pozik" zegoen Zabaleta, "beti gustagarria baita etxean jokatzea". Binakakoa baino lehen Akilesen tendoian izandako arazoengatik galdetuta, ongi dagoela nabarmendu zuen. "Txapelketa urduri hasi nuen, baina espero baino askoz azkarrago osatu naiz, eta oso pozik nago". Txapelketa hasiera bikaina egin du Elordirekin, jokatutako hiru partidak irabazi dituzten biko bakarra baitira, baina txapela janzteko faborito argiak direla esatea "gehiegizkoa" iruditzen zaio Zabaletari. "Binakakoa oso txapelketa luzea da. Ostiralean partida zaila dugu aurretik, Urrutikoetxea eta Albisu bikote sendoa baitira, baina guk gurean jarraitu behar dugu, Elordik ausart jokatzen eta abiadura ematen, eta ni atzean, partida eusten" nabarmendu zuen.
Ezkurdia-Martija, Labriten
Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak atzera ere Labriten jokatuko dute, baina larunbatean Jon Ander Peña eta Jon Mariezkurrena izango dituzte arerio. Sakandarrek euren bigarren puntua lortu nahi dute, Baikokoek euren hirugarrena, eta lehia estua espero da Bomboneran.
Promozioa
Promozioan, Artolak hartu zuen Joanes Bakaikoaren tokia asteartean, Urretxun. Morgaetxebarriarekin elkarlanean, 9 tantotan utzi zituzten Egiguren eta Erostarbe. Hiru puntu dituzte.