Etxeberri eta Lekunberri arteko gasbidea

Aralar babestea eskatzeko atxikimendu kanpaina

Guaixe 2022ko abe. 22a, 08:47

Gasbidearen trazadura ezagutzeko antolatutako laugarren mendi martxan 70 pertsonak parte hartu zuten. UTZITAKOA

Etxeberri eta Lekunberriko industrialdearen arteko gasbideak Aralar mendia ez zeharkatzeko kartelarekin argazkiak egitera gonbidatu dituzte herritarrak.

Aralar Zaindu Dezagun! Gasbidea hemendik ez! plataformak Nedgia enpresak Etxeberri eta Lekunberriko industrialdearen artean egin nahi duen gasbidearen trazatuaren kontra dago. Gasbide hori Aralar mendian barna egitea ez dute nahi. Alternatiba gisa proposatzen dute energia azpiegitura Plazaola ibilbidean barna egitea, haien iritziz gasbide trazadura horrek ingurumenean, gizartean eta ekonomian dituen ondorioak txikiagoak direlako. 

Plataformatik jakinarazi dutenez, haien eskaerak hainbat toki erakunderen babesa jaso dute: Larraungo udal eta kontzejuez aparte, Arakilgo eta Irurtzungo udalena eta Arakilgo kontzeju guztiena. Orain herritarren atxikimendua lortu nahi dute. Horretarako, Aralar Zaindu Dezagun! kartelarekin (https://labur.eus/Mq7Zn loturan eskuragarri) argazkia egitea eta irudia aralarzaindudezagun@gmail.com helbide elektronikora bidaltzea eskatu dute. Jasotako argazki guztiekin bideoa eginen dute. Plataformako kideen esanetan, ekimen horrekin ″Aralar mendilerroa eta bere ingurua babestearen aldeko atxikimenduak batzen jarraitu nahi dugu, gasbidearen proiektuak ekarriko lituzkeen ondorioak salatu eta arazo honen konponbidea eskatu, gure ustez beste aukera batzuk aztertu beharko liratekeelako″.