Bigarren urtez segidan D ereduak behera egin du

Guaixe 2022ko abe. 19a, 14:56

Haurrak eta gurasoak espaloian. ARTXIBOA

Euskara hutsezko hezkuntza ereduak 0,9 puntu galdu ditu aurreko ikasturtearekin alderatuta; ikasleen %80,7 dira D ereduan ikasten dutenak. Gora egin duen eredu bakarra A eredua da, euskara ikasgai duena, 1,2 puntu; ikasleen %16 ari da hor. B ereduak, berriz, 0,3 puntu galdu ditu eta ikasleen %3,3 hartzen ditu. 

Gaztelania hegemonikoa den testuinguruan, euskararen ezagutza unibertsala lortzeko ezinbesteko tresna da hezkuntza arautua. Zehazki ikasleak euskaran murgiltzen dituen D eredua da ibarrean ofizialak diren bi hizkuntzak ikasteko modurik onena. Hezkuntzako eta soziolinguistikako adituek berresten duten ideia da. Eta iritzi horrekin bat egiten du Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak, euskara hutsezko ereduaren aldeko informazioa gurasoen artean zabaltzen duenak urtero-urtero, haiek D ereduari buruz izan ditzaketen zalantzak uxatzeko. Gainontzeko sakandarrei eredu horren berri inguruan zabaltzeko gonbidapena ere egin du. 

Ibarreko erakundeak aurten ere Sakanako ikastetxeetako matrikulazio datuak jaso ditu. Guztira 2.745 ikasle daude Haur Hezkuntzan (HH), Lehen Hezkuntzan (LH) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH), aurreko ikasturtean baino 109 ikasle gutxiago. Euskara Zerbitzuak jasotako datuen arabera, Sakanako ikastetxeetan gora egin duen eredu bakarra A eredua da, gaztelaniazko klaseak eta euskara ikasgai duena. Hirugarren urtea da gora egin duena A ereduak. 1,2 puntu zehazki azken ikasturtean eta 2,8 azken hiru urteetan. Gaur egun ikasleen %16 dira eredu horretan ikasten dutenak (439, 17 gehiago). A eredua Irurtzunen eta Altsasun eskaintzen da.

Murgiltze ereduak, D ereduak, bigarren urte jarraian 0,9 puntuko jaitsiera izan du. Ikasleen %80,7 ari dira gaur egun euskaraz ikasten. Datu hori 2014-2015 urtekoaren parekoa da (%80,9 zen orduan). Haren aurreko ikasturtean gainditu zuen D ereduak %80ko langa. Goia 2018-2019 eta 2020-2021 ikasturteetan jo zuen %82,5ekin. Baina ordutik behera egin du. Euskarazko ereduan 2.214 ikasle daude guztira, joan den ikasturtea baino 115 gutxiago. Azkenik, B ereduak, gaztelania eta euskara irakasteko baliatzen duena, 0,3 egin du behera. B ereduan ikasleen %3,3 ikasten ari dira, 92 ikasle aurreko ikasturtean baino 11 gutxiago. Azken hiru ikasturteetan 0,8 puntu galdu ditu B ereduak. Hura Altsasun ikas daiteke. 

Zikloka
H

aur Hezkuntza ibarreko ikasleen %19,78 ikasten ari da, guztira 543 ikasle dira, aurreko ikasturtean baino 39 gutxiago. D ereduan ikasleen %86,56 dago (470, 31 gutxiago). Aurreko ikasturtearekin parekatuta 0,46 puntu egin du gora. A ereduari dagokionez, ikasleen %9,02 dago hartan matrikulatuta; 49 ikasle dira, 9 gutxiago. Bigarren ikasturtea da ikasleak galtzen dituena, 10 guztira azken bi kurtsoetan. Azkenik, bigarren urtez jarraian B ereduak %4,42ra arte gora egin du, 0,52 puntu gehiago. Eredu horretan 24 ikaslek ikasten dute, aurrekoan baino bat gehiago. 

Lehen Hezkuntza ikasten ari dira ibarreko ikasleen %47,5. Hau da, 1.304 ikasle, aurreko ikasturtean baino 0,74 puntu eta 73 ikasle gutxiago. Euskarazko murgiltze ereduan ikasleen %79,75 ikasten ari da (1.040 ikasle, 2,05 puntu eta 86 ikasle gutxiago). A ereduan ikasleen %15,03 dago (196 ikasle, 2,63 puntu eta 25 ikasle gehiago). Azkenik, B ereduan aurreko bi ikasturteetako beherako joerari eutsi dio oraingoan ere. B ereduak 68 ikasle ditu Sakanan (68 ikasle, 0,59 puntu eta  12 ikasle gutxiago)

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ibarreko ikasleen %32,71 ari da ikasten, 898 zehazki. Aurreko ikasturtean baino 1,35 puntu gehiago eta 3 ikasle gehiago dira. D ereduak joan den ikasturteko ikasle portzentaje berari eusten dio: %78,4. Guztira 704 ikasle dira euskaraz ikasten ari direnak (2 ikasle gehiago). DBHn ez dago B eredurik eta behe mailetan eredu horretan ikasi duten ikasleek DBHra iristerakoan gurasoek, normalean, A ereduan matrikulatzen dituzte, euskararen kaltetan. Hala izan da ikasturte honetan ere. Izan ere, A ereduak ikasleen %21,6 izateari eusten dio. Guztira 194 ikasle dira, 2021-2022an baino bat gehiago.