Pilota

Zabaleta nagusi Irurtzunen eta Ezkurdiaren eta Martijaren sufrikarioa Labriten

Guaixe 2022ko abe. 19a, 11:10
Zabaleta eta Elordi lider sendoak dira.

Binakako Pilota Txapelketako lau jardunaldi jokatuta, Elordik eta Zabaletak lider jarraitzen dute, jokatutako lau partidak irabazita, eta Ezkurdiak eta Martijak puntu bakarra dute

Jose Javier Zabaleta profeta izan zen pilotan trebatutako herrian eta Aitor Elordi bikainaren laguntzarekin 22 eta 11 irabazi zieten ostiral gauean Mikel Urrutikoetxearen eta Jon Ander Albisuren kontra Irurtzunen jokatutako partidan. Partidak hiru ordu laurden iraun zuen eta 359 pilotakada jo zituzten pilotariek. Nabarmentzekoa da Elordik hamalau tanto egin zituela eta Zabaletak bost, kolore argia izan zuen partidan. 

Bestalde, Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak kalbario ederra bizi izan zuten larunbatean Labriten, Jon Ander Pañaren eta Jon Mariezkurrenaren kontrako partidan. Mariezkurrenak aginte makila atera eta Martija egurtu zuen, partida guztiz baldintzatuz. Etxeberrikoarendako sufrikario latza izan zen larunbateko partida. Azkenean, 12 eta 22 gailendu ziren Peña eta Mariezkurrena, eta hiru garaipenekin, sailkapenean bigarren kokatu ziren. Ezkurdia eta Martija zazpigarren dira, puntu batekin. 

Gaur jokatuko da Binakako laugarren jardunaldiko azken partida, Tolosan. Bi puntu dituzten Lasok eta Imazek oraindik punturik bildu ez duten Peio Etxeberria eta Rezusta izango dituzte aurkari, Beotibarren. 

Bosgarrenak dakarrena
Asteburuan bosgarren jardunaldia dago jokoan. Ostegunean Urrutikoetxeak eta Albisuk Etxeberria eta Rezustaren kontra jokatuko dute Arrasaten. Ostiralean, Irunen, Ezkurdiak eta Martijak Jaka eta Aranguren izango dituzte aurkari Irunen. Igandean, Pazko Egunean, Altunak eta Tolosak Peña eta Mariezkurrenaren kontra jokatuko dute Eibarko Astelenan Gabon egunean klasikoa den pilota partidan, eta, bukatzeko, abenduaren 26an, astelehena, Lasok eta Imazek Elordi eta Zabaleta izango dituzte aurkari Tolosan.