Denondako mundua eraikiz

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2022ko abe. 21a, 11:46

'Mundua guztiontzat beharko luke, baina ez da' liburua, Biak bat elkartea agertzen dena.

Bizipoza elkarteak Euskal Herriko 30 elkarte baino gehiago batzen ditu, tartean Sakanako biak bat, eta orain 'Mundua guztiontzat beharko luke, baina ez da' liburua kaleratu du, besteak beste, elkarte horiek egiten duten lana azaleratzeko.

Bizipoza elkarteak Euskal Herriko 36 elkarte biltzen ditu , tartean Sakanako Biak bat elkartea. "Izaera bereziko gaiak lantzen dituzten haur eta familiek osatutako elkarteak" direla azaldu du Leire Elizegi Beloki elkarteko koordinatzaileak. Helburu amankomun bat dute: "Asko, egia esan, baina bat nagusiena dena; guztiontzako beharko lukeen herri inklusibo bat eraikitzea euskaratik eta euskaraz". Elkartuta eta "saretuta" bozgorailu izan daitekeela uste dute. Elkarteekin batera bazkideak, gizarte eragileak, norbanakoak eta babesleak ere daude.

Guztientzako herri inklusibo bat helburuarekin aurrera eginez, liburu bat kaleratu dute: Mundua guztiontzako beharko luke, baina ez da. Izenburu iradokitzailea du: "Dena iradokitzen du izenburuak". Liburua Amagoia Mujika Telleriak idatzi du 2019. urtean Peio Manterola Pabo andoaindarrak egindako master bukaerako lana oinarri hartuta. "Bizipoza elkartearekin lotutako lana egin zuen". Manterolaren helburu nagusia zen elkarteak existitzen direla oraindik eskubide batzuk ez direlako betetzen, "orduan, hortik hasi zuen bere lana eta helburu izan zuen elkarte hauek guztietan oraindik betetzeko dauden eskubideak eta beharrak identifikatu eta nola bete daitezkeen landu".

"Oso txukun eraman zuen aurrera eta jardunaldi bat ere egin genuen egindako lanarekin". Manterolak egindako lana "oso mardula zen", izan ere, master amaierako lanean "teorizazioak eta gauza asko daude". Baina oso interesgarria zen, eta lan hori helarazi eta jendartera zabaldu behar zutela pentsatu zuten: "Amagoia Mujikarekin hitz egin genuen eta bera lan hori egiteko prest zegoen". Horrela sortu zen Mundua guztiontzat beharko luke, baina ez da liburua.

Liburua Mujika eta Bizipoza elkartearen arteko harremana duela hamar urte baino gehiago hasi zen. "Bizipoza niregana etorri zen Irria aldizkarian elkarte bati buruzko ipuinak sortzeko eskatuz", azaldu du idazleak. Helburua elkarte bakoitzaren berrematea zen, "umeei kontatzeko elkarte bakoitzak zer egiten duen". Elkarte hauetako umeak jendartearen parte direla esan du, "eta oso inportantea ikusten dugu haurrentzako ipuin horiek egitea errealitate hauek ezagutzeko eta sozializatzeko, eta era berean beldurra kentzeko". Ipuin horiek sorkuntzaren bidez Bizipozako elkarte guztiak ezagutu ditu, "haiekin elkartzen naiz euskal jendarteari zer kontatu nahi dioten ezagutzeko, eta kontatzen didatenarekin mezu hori umeek ulertzeko moduan jartzen saiatzen naiz".

Manterolaren master amaierako lana oinarri hartuta, "ideia oso interesgarriak zeuden, baina asmatu behar genuen modu bat ideia horiek modu xume eta zuzen batean jendarteari helarazteko". Hortik ikusitako "arima eta gauza batzuk" atera dituzte eta liburua sortu dute. "Nire galbahetik eta nire begiradatik pasatu dira, baina lanaren txispa Manterolaren lan horretan dago".

Mundua guztiontzat beharko luke, baina ez da liburuak badauka alderdi teoriko bat, idazleak azaldu duenez, gogoetarako gonbidapen bat dena. "Azkenean, liburuak ez ditu erantzunak ematen, galderak jartzen ditu mahai gainean. Pentsatzen dugu mundua guztiontzat izan beharko lukeela, eta seguruenik denok baietz esango genukeela, baina mundua ez da guztiontzat. Egunerokotasunaren zurrunbiloan sartuta ez gara konturatzen etxe eta familia askotan bizi duten errealitatea". Elkarteek egunerokoan beraien haurren eskubide sozialak beteak izan daitezen "sekulako lana" egiten dutela nabarmendu du Mujikak.

"Ideia da gu bagoazela lasai badagoelako eusten gaituen sare bat. Gaixotzen garenean sendatzen gaituena edo behar bat dugunean asetzen duena. Baina sare hori ez da guztiontzako baliagarria, sare horrek zuloak ditu, eta zulo horietatik isurtzen dira ume askoren eskubideak". Bizipoza elkarteko elkarteak "gure portuetan" ikusten diren saregileak dira, "eta eskuz josten dituzte zulo horiek". Hori da liburuaren ideia. "Zer zulo diren josten ari direnak azaldu eta zer egin beharko lukete orokorrean erakunde publikoek zulo horiek desagertzeko".

Liburuan zehar ere esaldiak agertzen dira, "eta horiek elkarteen ahotsak dira". Oso garrantzitsua iruditzen zitzaien sartu dituzten esaldi horiek elkarteen "oihuak" direlako: "Azkenean, jendarteari oihu bat da. Erakunde publikoei galdetzeko, egitan denak jendartean bizitzeko eta ongizatea bermatzeko nahiko baliabideak ote dauden?".

Aurpegiak
Liburuan hitzak ez ezik argazkiak ere agertzen dira elkarteen irudiak. "Askotan oso inportantea da hitzei aurpegia jartzea. Halako gaixotasuna edo beharra daukaten umeak aipatzen ditugu, baina aurpegia eta izena jartzen diezunean asko aldatzen da errealitate hori bizitzeko modua".

Amaia Irazusta Pausoka elkarteko ama bat da, Bizipoza elkarteko kide dena. "Guretzat liburu oso-oso garrantzitsua da". Pausoka behar bereziak dituzten haurren elkarte bat da, eta haien bizipenak paperean "idatzita, islatuta eta ongi argudiatuta" ikustea oso garrantzitsua izan dela esan du Irazustak: "Gure errealitatea plazaratzeko, guk gure etxeko egunerokotasunean bizi duguna jendarteratzeko".

Bizipoza "elkarrekin egotea eta familia bat osatzea" suposatzen duela azaldu du Pausoka elkarteko kideak. "Gure elkartean askotan esaten dugu, elkarte bat sortzen da arazo amankomun bat dugunon artean. Pausokako familiak babes hori sentitzen dugu eta elkarte txiki bezala Bizipozan elkarrekin sentitzen gara". Zalantzak eta beldurrak partekatuz "pila bat" ikasten dutela esan du.

"Egia esan oso pozik gelditu naiz emaitzarekin. Ez zen erronka batere erraza lan akademiko horren zorroztasuna modu erraz batean atera", azaldu du Mujikak. "Peiok abiatutako lan horretan elkarteak dira oinarri nagusia eta hori hartu eta Amagoiak egin zuen lan bikaina, iruditzen zaigu irakurterraza eta, aldi berean, oso mamitsua dela liburua", Elizegik.