Areto futbola

Ibararte Xotak eta Aralar Mendik atzeratutako partidak jokatuko dituzte egunotan

Guaixe 2022ko abe. 21a, 10:30

Ibararte Xota eta Aralar Mendiren arteko derbiko irudi bat. XOTA

Asteburuan jokatutako hamargarren jardunaldian ongi aritu ziren bi talde sakandarrak

Asteburuan Areto Futboleko Hirugarren mailako hamargarren jardunaldia jokatu zen. 

Ibararte Xotak Vulcanizados Ruiz Tafa taldea hartu zuen Irurtzunen eta gol festa ederra ospatu zuen Xota taldearen filialak, 7 eta 2 hartu baitzuen mendean Tafallako taldea, partida goitik behera kontrolatuta. Oier Martiarena (2), Jon Argandoña, Asier Gonzalez, Unai Gorostieta (2) eta Carlos Bravo izan ziren golegileak. 

Antsoainen Gazte Berriak taldeak eta Uharte Arakilgo Aralar Mendik izandako lehia oso estua izan zen, Antsoaingo taldeak lidergoa baitzuen jokoan. Uharte arakildarrak aurreratu ziren, 17 minutuko epean Eneko Cruzek lortutako hiru golei esker, eta Jon Arenazak 25. minutuan lortu zuen laugarrena, baina Gazte Berriak taldeak gutxika-gutxika aldea murriztea lortu zuen eta azkenean, 36. minutuan launa berdindu zuen Antsoaingo taldea. Garaipena eskuan izanda Antsoainek berdintzea pena izan zen, baina gutxienez Aralar Mendik puntu bat ekarri zuen Antsoaindik eta ez dago gaizki. 

San Juan taldea da Hirugarren mailako liderra (21 puntu), Gazte Berriak taldea puntu batera duela (20 puntu). Ibararte Xota zazpigarren da (13 puntu) eta Aralar Mendi zortzigarren (7 puntu). Eguberrietako atsedenaldiaren ondoren, hurrengo jardunaldia ilbeltzaren 7 eta 8-ko asteburuan jokatuko da. Aralar Mendik Anaitasuna taldea hartuko du eta Ibararte Xotak atseden jardunaldia du. 

Asteazkenean eta ostiralean
Egunotan, aldiz, bederatzigarren jardunaldiko atzeratutako partidak jokatuko dituzte bi taldeek. Abenduaren 21ean, asteazkena, Kirol Sport eta Ibararteren arteko partida jokatuko da Orkoienen, 20:30ean, eta abenduaren 23an, ostirala, Aralar Mendik Olite izango du aurkari, 20:00etan, Oliten.