Zero zabor helburua duten pausoak

Guaixe 2022ko abe. 22a, 09:29

Mutilak josteko makinarekin berrerabilpen tailerrean. HONDAKIN ZERBITZUA

Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuak hondakinak murriztu edo haiek egoki kudeatzeko lanketa egin du farmazia, ile-apaindegi, jatetxe, gastronomia elkarte eta ikastetxeekin.

Sakanako Mankomunitateak hiri hondakinekin lotutako hiru proiektu martxan jarri ditu abian aurten. Haiek gauzatzeko 69.074,55 euro bideratu ditu. Egitasmo guztiak Nafarroako Gobernuaren Hondakinen Funtsaren 51.010,1 euroko dirulaguntzekin finantzatuak izan dira. Alde batetik, Zero Zabor Komertzioak programaren II. fasea garatu du Mank-eko Hondakin Zerbitzuak ibarreko farmazia, ile-apaindegi, gastronomia elkarte eta jatetxeekin batera. Aurrenekoen inguruan Olatz Garde Mazkiaran hondakin teknikariak azaldu duenez, ″ibarrean 21 botika daude eta guztietan dago Sigre puntua, botikak (behar ez direnak edo iraungituak daudenak), sendagai kaxak eta ontzi hutsak edo erdizka daudenak jasotzeko. Horiek garbigunera baino, hobe da Sigre puntura eramatea″, argitu du Gardek. Azaldu duenez, horren guztiaren berri ematen duten kotoizko 4.300 poltsa berrerabilgarri eman zizkieten botikariei haiek bezeroen artean banatzeko. Joan den urtean Sakanan 2.746 kilo inguru jaso ziren. 

Merkataritzan hondakin gutxiago sortzeko neurriekin segituz, Sakanako 32 ile-apaindegien artean Zero Zabor komertzioak irudia duen 1.600 poltsa berrerabilgarri eman zizkieten beraien bezeroen artean banatzeko. Teknikariak esan duenez, ″ile-apaindegietan ere hainbat produktu saltzen dira″. Zero Zabor Komertzioak programaren inplementazioarekin jarraituz, jatetxeei dagokienez, ″hondakinen prebentzioan jarri dugu begia eta ibarreko 57 establezimenduen artean beirazko 1.140 botila banatu ziren. Haiekin bezeroei iturriko ura zerbitzatu ahalko diete eta, ondorioz, erabilera bakarreko ontzi-hondakinak ahalik eta gehien saihesteko″, azaldu du Gardek. Apirilean indarrean sartu zen Hondakinen Lege berriaren ondorioz jatetxeak derrigortuta daude bezeroei iturriko ura dohainik eskaintzera.

Azkenik, Hondakin Zerbitzuak ibarreko 45 gastronomia elkarteri hondakinak egoki eta erraz bereizteko kubo urdin, hori eta marroiak eman zizkieten. 135 guztira. ″Aurretik kubo beltzak bazituztenez, haiek errefusarako erabiliko dituzte″, argitu du teknikariak. 

Hezkuntza 
Aurten Hezkuntzan Hezitzen programaren I. fasea garatu du Hondakin Zerbitzuak. ″Egitasmo iraunkorra izatea nahi dugu″. Aurten asteko ibarreko ikastetxe eta hezkuntza ziklo guztietara iritsi dira, ikasleen mailaren arabera jarduera bat edo beste eskainiz. Guztiei ″hondakinek egiten duten bidaiari buruzko interesa sortu nahi izan″ diete, eta horretarako komunikazio materiala sortu dute. Horretarako, batetik, ikastetxeetan kubo hori, urdin, gris eta marroiak banatu dituzte. Pertzak izanda, hondakinak karakterizatu eta bakoitza zein pertzetan sartu behar den ikasi zuten. Bestetik, papera birziklatzeko eta ogitartekoak biltzeko oihalezko bilgarriak egiteko tailerrak hartu zituzten ikastetxeek. 

Bestetik, Zirika Zirkus konpainiak Berrerabizi ikuskizunaren bederatzi emanaldi eskaini ditu Irurtzunen, Etxarri Aranatzen eta Altsasun bina eta bana Lakuntzan, Arbizun eta Olatzagutian.  ″Lakuntzako emanaldira Uharte Arakilgo eskolako ikasleak joan ziren. Eta Olatzagutikora Iturmendiko eta Urdiaingo eskoletakoak. Halakoetan autobusa ordaindu dugu. Bestetik, Irurtzungo bi emanaldietako bat udalak ordaindu zuen″, argitu du Gardek. Ikastetxeetan egindako lanketarekin bukatzeko, ikasleak bereziki diseinatutako mahai-joko batean jolasteko aukera izan dute. Horrekin batera, Hondakin Zerbitzuaren egoitza den UtzubarEKOgunea gai nagusi gisa hartzen duen sentsibilizatzeko bideo bat ere zabaldu zuten ikasleen artean. 

Azkenik, herritar guztien artean bi produkturen berri eman nahi izan dute: pixoihal berrerabilgarriak eta hileroko kopak. ″Gure asmoa zen halakoak erostea eta banatzea baina horretarako dirulaguntzarik ez dugunez jaso, informazioa zabaldu dugu″. Hala, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean hileroko kopen berri ematen duten esku-orriak zabaldu zituzten. Haietan, kopen ezaugarriak eta haiek nola jarri, kendu eta garbitu daitezkeen azaltzen zen. Informazio hori duten kartelak ere Etxarri Aranazko osasun etxean dagoen sexu eta ugalketa osasunari arreta emateko zentroan ere jarri zituzten. Informazioa ere sare bidez zabaldu dute, beti ere, tanpoi eta konpresen erabilera murriztu asmoz.

Horrekin batera pixoihal erabilgarrien berri ere zabaldu dute haur eskolen eta aipatutako Etxarri Aranazko zentroan kartelak jarriz. Haur eta adinekoek erabiltzen dituzten erabilera bakarreko pixoihalen ordez berrerabilgarriak erabiltzean hondakinak murrizteaz aparte, dirua aurreztu eta produktu kimikorik ez duten material naturalak erabiltzen direla gaztigatu dute Mank-etik. Bi lan ildo horiei etorkizunean segida eman nahi diete zerbitzuan. 

Konponketak 
Arbizun dagoen UtzubarEKOgunean Hondakin Zerbitzuak Sakanako Konponketa Txokoa du. Aurten han 24 konponketa eta berrerabilpen tailer egin dira. Gainera, hainbat herrik halako tailerrak hartu dituzte urtean zehar. Haietan Kafeterak, bizikletak, garbigailuak eta abar konpondu dira, eta bigarren bizitza bat eman zaie altzariei, birzurituz edo margotuz. Horretarako, Batuta Sakana elkartearen laguntza izan du zerbitzuak.

Bestalde, Erabili tokiko enpresak ogitartekoendako poltsak egiteko eta swap party-ak edo arropa trukatzeko festak antolatu ditu, dozena bat guztira. Saio horietan ehun hondakinekin objektu erabilgarriak sortu dira joskintzaren bitartez.

Hondakinen Funtsa
Aipatutako jarduera horiek guztiek 69.074,55 euroko inbertsioa eskatu dute, Nafarroako Hondakinen Funtsaren dirulaguntzarekin ordaindu dena. Nafarroako Parlamentuak 2018ko ekainaren 7an onartu zuen Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko Foru Legea. Lege horrek, besteak beste, hondakinak zabortegian isurtzeagatik kanona ezarri zuen, hau da, tona bakoitzeko aplikatzen den onarpen tasaz aparte, gehigarrizko zerga bat kobratzen da. Zerga horren bidez eta hondakinekin lotutako ingurumen arloko ez-betetzeengatiko zehapenekin, Nafarroako Hondakinen Funtsa sortu zen. Funts horren helburu nagusietako bat bildutako dirua hondakinak prebenitzeko, berrerabiltzeko eta/edo birziklatzeko proiektuetara bideratzea da.