Sakanako Mankomunitateak sei milioi euroko aurrekontua onartu du

Guaixe 2023ko urt. 10a, 14:03

Urdalurko ur tratamendu plantan langileak. ARTXIBOA

Urte batetik besterako aurrekontua 600.000 eurotan handitu da, batez ere inbertsioengatik, baina baita kostu batzuk igo direlako ere. Ur Zerbitzuan 209.636 euroko inbertsioak eginen ditu eta Hondakin Zerbitzuan, berriz, 644.200 eurokoa.

Sakanako Mankomunitateak 6.006.090 euroko aurrekontua izanen du 2023an, hala erabaki zuen batzarrak astelehenean aldeko hamahiru botorekin eta kontrako birekin (Altsasuko Geroa Baiko ordezkariak). Mank-ko presidente David Oroz Alonsok azaldu duenez, "eskaintzen ditugun zerbitzuak mantentzea, eta ahal bada hobetzea izan da helburua aurrekontuak egiterakoan. Inbertsioak izan direla aurrekontua 600.000 eurotan handitu dutenak. Baina kostuek ere gora egin dute". Batetik, energia eta bestelako kostuen hazkundea. Bestetik, Nafarroako Gobernuak administrazio publikoendako ezarritako soldata igoera.  

Ur Zerbitzua
Arlo horretan ibarreko erakundeak hiru inbertsio eginen ditu. Aurrena, Urdalurko ur arazketa plantan ozono bidezko sistema ezartzeko 74.000 euro jartzea. Orozek azaldu duenez, "ura edangarria egiteko kloroaren erabilera gutxienera murriztuko dugu eta haren ordez ozonoa erabiliko dugu. Sistema hobea eta osasungarriagoa da. Hala ere, legez, urak edangarria izateko, analisietan kloro kopuru jakin bat egon behar du eta hori besterik ez diogu botako". 

Urdalurko plantara ura sartzen duen hodian elektrizitatea sortzeko turbina jarriko dute, "bertako kontsumoa asetzeko". Lan horietara 85.636 euro bideratu dituzte, eta eskatutako dirulaguntzak ebatzi zain daude. Urtero 14.785 euro aurreztuko du Mank-ek eta inbertsioa 5,8 urtean amortizatuko du. Azkenik, Urdalurko plantan tratatzen den ura gaur egun Etxarren arte iristen da. Goi hornidurako ur hodia 2025ean Irurtzunera iritsiko da. Horretarako, ordea, lanen proiektu bat egin behar da ilbeltzaren 19rako. Idazketa lana aurreratua dute. Proiektua egiteko 50.000 euro bideratu ditu Mank-ek. %70 inguruko dirulaguntza du. 

Hondakin Zerbitzua 
Nafarroako Hondakinen Partzuergoaren dirulaguntzarekin Mank-ek bi inbertsio eginen ditu. Alde batetik, hondakin bilketarako bi kamioi erosiko ditu, bata berria (155.000 euro) eta bestea bigarren eskukoa (35.000 euro). Erosketa horietarako %70eko dirulaguntza izanen du Mank-ek, "eta baliteke bi horiekin kamioi flotaren berrikuntza bukatzea". Bestetik, konpost plantan materiala mugitzeko pala bat erosiko du (114.000 euro) baita konposta bahetutakoan inpropioak bereizteko aire bidezko sistema duen makina ere (170.000 euro). Bi horien kostu guztia partzuergoak ordainduko du. Horietaz aparte, UtzubarEKOgunean berrerabilerarako gela muntatzeko 20.200 euro bideratuko dituzte.

Tasak eta bestelakoak
Sakandarrek ur eta hondakin bilketa zerbitzuagatik ordaindu beharreko tasak aho batez igotzea erabaki zuen Mank-eko batzarrak. "Egun pairatzen ari garen produktu, erregai, eta abarren garestitze orokorra kontuan hartuta eta jakinik 2022an ez zela inolako igoerarik aplikatu, hondakin zerbitzuko ohiko etxebizitzaren tasan 9,4 euroko urteko igoera izanen da, 93,97 eurotik 103,37ra pasaz. Uraren kasuan, metro kubiko bakoitzeko 0,45eurotik 0,495era pasako da", argitu du Orozek. 

Estreinakoz ibarreko udalek Mank-en bidez dirulaguntza emanen diote Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoari, 60.819 euro izanen dira. "Klinika sortu zenetik Altsasun egotea eta Sakanari zerbitzua ematea izan du helburua. Mank-eko presidentea klinikaren patronatuan dago. Udalak interpelatuak izan dira eta pausoa ematea erabaki dute", azaldu du Orozek. Bestetik, gizarte arloko beste bi dirulaguntzaren berri eman du: "Anfasekin aspalditik dugun hitzarmena berritzea eta 6.000 euro ematea. Zentzu berean beste hitzarmen bat sinatu dugu duela urtebeteko uholdeekin egoitza galdu zuen Biak Bat elkartearekin, berrirako 3.000 euro ekarpena eginen du Mank-ek".