Pilota

Elordik eta Zabaletak zazpitik zazpi; Ezkurdiak eta Martijak zazpitik bi

Guaixe 2023ko urt. 9a, 12:30

Ezkurdia eta Urrutikoetxea, Eibarren jokatutako partidan. ASPE

Binakako Txapelketa erdialdera iritsi da eta txanponaren bi aldeetan daude pilotari sakandarrak

Binakako Pilota Txapelketako hasierako ligaxkako lehen itzulia despeditu da. Zazpi jardunaldi jokatuta, Elordi eta Zabaleta dira lider sendoak, zazpi punturekin, jokatutako zazpi jardunaldiak, guztiak, irabazita. Ostiralean, Amorebietan, Peñari eta Morgaetxebarriari (Mariezkurrenaren ordez jokatu zuen) ez zieten aukerarik txikiena ere eman, eta 22 eta 11 gailendu ziren. Elordik eta Zabaletak alde handia ateratzen diete gainontzeko partaideei; izan ere, sailkapeneko bigarrenek, Lasok eta Imazek, lau puntu dituzte, eta puntuazio bera dute sailkapeneko hirugarrenek, Peio Etxeberriak eta Rezustak eta baita laugarrenek ere, Altuna III.ak eta Tolosak, alegia. Hiru punturekin Peña-Mariezkurrena eta Urrutikoetxea-Albisu daude, eta sailkapena ixteko Ezkurdiak eta Martijak bi puntu dituzte eta Jakak eta Arangurenek, berriz, puntu bakarra. Liderrak koska bat gorago daude, baina gainontzean oreka da Binakako Txapelketaren ezaugarri nabarmenena. 

Martija, eskuko minekin
Julen Martija min hartuta dago -eskuko mina du– eta Iñigo Bikuñak hartu zuen bere tokia asteburuan jokatutako zazpigarren jardunaldian. Ezkurdiak eta Bikuñak Urrutikoetxea eta Albisu izan zituzten aurkari ostiralean Eibarko Astelena pilotalekuan jokatutako partidan. Partida borrokatua izan zen eta Ezkurdia eta Bikuña 18 eta 16 egon ziren aurreratuta, baina Urrutikoetxeak eta Albisuk markagailuari buelta eman eta, azkenean, 22 eta 18 irabazi eta gero, euren hirugarren puntua lortu zuten. Aldiz, Ezkurdia eta Martija zuloan sartu zituzten, bi punturekin geratu baitziren. 

Bigarren itzulia abian
Asteburuan Binakako bigarren itzuliari ekingo zaio. Ostiralean Ezkurdiak eta Martijak Etxeberria eta Rezusta izango dituzte aurkari Getarian. Larunbatean Labritek Laso-Imazen eta Jaka-Arangurenen arteko lehia hartuko du eta Buñuelen Urrutikoetxea-Albisuk Peña eta Mariezkurrena izango dituzte arerio. Bestalde, igandean Elordi eta Zabaleta liderrek Altuna III.aren eta Tolosaren kontra jokatuko dute Bilboko Bizkaia pilotalekuan.