Txirrindularitza

Vuelta Sakanatik pasako da

Guaixe 2023ko urt. 11a, 12:36

2020ean Vuelta Sakanatik pasa zenekoa. ARTXIBOA

Irailaren 10ean, igandearekin, Lizarragako portutik sartuko da

Ilbeltzaren 10ean 2023ko Espainiako Vuelta aurkeztu zuten Bartzelonan, aurtengo Vuelta abuztuaren 26an bertatik abiatuko baita, irailaren 17an Madrilen despeditzeko. Vueltak izango dituen 21 etapetan mendiak aparteko garrantzia izango du, etapa horietatik 10 portuetan despedituko baitira. Horretaz gain, aurtengo itzuliak erlojupeko bi proba izango ditu. 

Vueltako bi etapa Nafarroan jokatuko dira. Zehazki, irailaren 9ko etapa Sauveterre de Bèarne-tik abiatuko da eta Larra-Belagua ikusgarrian bukatuko, Pirinioetan. Bezperan Formigal eta Tourmalet arteko etapa mitikoa jokatuko da, Vueltako mendiko etapa nagusia izango dena. Irailaren 10ean, igandearekin, Iruñeatik abiatuko da lasterketa, Artazutik barna Villatuertara heltzeko. Sakanara Andiatik sartuko da, 3. mailako Lizarragako portutik, eta Etxarri Aranatzera helduta Etxarreneraino joko du, Etxeberritik 3. mailako Zuazarrate portua igo eta Lekunberriko bidea hartuz. Zuazarrate bitan gaindituko dute, Lekunberriko helmugara iritsi baino baino lehen. Aurten ez dute 1. mailako San Migel portuko igoera ibilbidean sartu, bezperako etapak oso gogorrak direlako eta etapa gehiegi ez gogortzearren.