Txirrindularitza

Rural Kutxak 2023ko plantilla aurkeztu du

Guaixe 2023ko urt. 12a, 11:20

Josu Etxeberria eta Etxarrin bizi den Mulu Kinfe Hailemichael etiopiarra dira talde profesionaleko txirrindulari sakandarrak. Rural Kutxa-Alea afizionatuen taldean hiru sakandar daude, Martxel Etxeberria, Jon Erdozia eta Mikel Uncilla 

Rural Kutxa talde sakandarrak 36 urte daramatza txirrindulariak trebatzen. Atzo, asteazkena, 2023ko bere bi taldeak aurkeztu zituen Iruñean, talde profesionala eta afizionatuen mailako taldea. Ekitaldia Juan Mari Guajardo speaker altsasuarrak gidatu zuen eta, besteak beste, Miguel Indurain eta Mikel Nieve txirrindulari ohiek parte hartu zuten. 

Rural Kutxa-Seguros RGA talde profesionalak 21 txirrindulari izango ditu eta Josemi Fernandez eta Ruben Martinez teknikarien zuzendaritzapean ekingo diote denboraldiari. Plantillan bi nafar daude, Lizarrako Julen Amezketa eta Iturmendiko Josu Etxeberria, eta haiekin batera Etxarri Aranatzen bizi den Mulu Kinfe Hailemichael etiopiarra, Rural Kutxa-Alea talde amateurretik aurten talde profesionalera igo dena. Helburua “egindakoa gainditzea” da, Fernandezen esanetan. Espainiako Vueltarako gonbidapena jasotzea da bestea. 

Rural Kutxa taldeko Floren Esquisabel presidente altsasuarrak nabarmendu zuenez, “orain arte izan dugun talderik gazteena da, baina aldi berean kalitate handiena duena. Guztiek profesional mailara iristeko ilusioa dute, eta pauso hori ematen laguntzeko gaude gu”. Ildo beretik mintzatu zen Juanma Hernandez managerra. “Ez dugu inoiz basea eta harrobia ahaztuko”. 

Hiru sakandar amateurrean
Talde profesionalarekin batera afizionatuen Rural Kutxa-Alea taldea aurkeztu zen. Aritz Bagüesek 27 txirrindulari izango ditu bere esanetara, eta horietatik bost dira nafarrak, tartean hiru sakandar: Martxel Etxeberria iturmendiarra, Jon Erdozia etxarriarra eta aurten taldera salto egin duen Mikel Uncilla etxarriarra. “Gazteak trebatu nahi ditugu, profesionalen taldera ahalik eta hoberen igotzeko aukera izan dezaten” azpimarratu zuen Bagüesek.