Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologiaren Euskal Institutuak Nafarroan 1979tik gaur egunera arteko torturari eta beste tratu txar batzuei buruzko ikerketaren laburpen exekutiboa aurkeztu zion foru administrazioari hilaren 9an. Txostena diziplina anitzeko talde batek egin du Laura Pego Zuzenbideko doktorea eta ikertzailearen zuzendaritzapean. Bertan jasoak daude aipatu aldian tortura jasan zuten nafarrek edo bertan bizi zirenek egindako alegazioak.
Egileek adierazi dutenez, ikerketaren helburua da “motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan, fenomeno horren benetako dimentsioak ezagutzea eta ulertzea”. Gaineratu dutenez, “ikerketa formala irizpide zientifiko, zorrotz eta independenteetan oinarrituta eginda. Egindako lanari esker, Nafarroako biztanleengan praktika horien eraginari buruzko datu zehatzak eman daitezke. Baita egokiak liratekeen errekonozimendu, prebentzio eta erreparazio neurriak bideratu ere. Tortura, tratu txar gizagabeak eta umiliagarriak delitu ankerrak eta iraingarriak dira, eta eskubideen urraketa larritzat jotzen dira”.
Ikerlariek txostenean jaso dutenez, “salatutako kasuen kopuruak aukera ematen digu testuinguru jakin batean, batez ere terrorismoaren kontrako borrokan, erabilitako abusu garrantzitsuei buruz hitz egiteko, oso oraintsu arte betikotu direnak, nahiz eta egia den, neurri txikiagoan, azken urteetan”. Txostengileek gaineratu dutenez, “indarkeria ukatu egin da, ikertu gabeko indarkeria izan da, eta, ondorioz, ez da zigortu. Horrek guztiak erakundeekiko eta justizia sistemarekiko mesfidantza eragin du biktimengan”.
Nafarroako Gobernuko eta Kriminologiaren Euskal Institutuaren ordezkariak. UTZITAKOA
Datuak
Ikerlariek jakinarazi dutenez, 1979 eta 2015 urteen artean 676 pertsonen espedienteak tramitatu dituzte. Lana oraindik ez dute bukatu eta espero dute bukatzean 825 kasu izatea guztira. Jasotako lekukotzen arabera, ikerlariek adierazi dute tratu txar eta tortura kasu gehien 1979 eta 1986 urteen artean eta 1993 eta 1997 urteen artean izan zirela. Ikertutako 532 kasuetatik tortura edo tratu txarren %81,6 Nafarroan atxilotutakoek pairatu zuten. Atxiloaldien iraupenari dagokionez, kasuen %37,8 3 egun edo gutxiago pasatu zituzten atxilotuta, %25,8 lau eta bost egun artean eta %17,3 sei eta hamar egun artean. Ikertutako kasuen %54,4 21 eta 29 urte artean zituen atxilotu eta inkomunikatu zituztenean, %18,3 30 eta 39 urte artean eta %11,9 18 eta 20 urteartean. Gainera %2,5 adin txikikoak ziren.
Aurretik ikerlariek 1960 eta 1978 urteen arteko epea ikertu zuten eta 215 pertsonaren espedienteak tramitatu zituzten. Bi aldietako 310 espediente daude aztertzeko. Beraz, bi epeak kontuan hartuz, ikertzaileek uste dute 1.068 tortura edo tratu txar kasu izan daitezkela 55 urteko aldi horretan. Kasuen %84 gizonezkoei dagokie eta %16 emakumezkoei. Nafarroako Gobernuari Sakanako datuez galdetuta, oraingoz halakorik ezin dutela eman erantzun dute. Sortu alderdiak 149 sakandarrek, edo gehiagok, torturak edo tratu txarrak pairatu dituztela jakinarazi du.
Gobernua
Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollo Hualdek horrelako txosten baten balioa azpimarratu du: “goi mailako prestakuntza duen ikerketa talde batek egin du, eta azken hamarkadetan Nafarroan gertatu den giza eskubideen urraketa handia agerian uzten du. Beharrezko txosten bat, 2017an egindakoa osatzen duena, eta eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako ekintzen biktimak aitortzeko prozesu irekian laguntzeko tresna gisa balioko duena”. Kontseilariak azaldu zuenez, prozesu hori Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordearen barruan egiten ari da, 16/2019 Foru Legearen aginduz (Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateari buruzkoa).
Ollok gaineratu duenez, “nazioarteko erakundeek beren txostenetan adierazi dute kezkatuta daudela tortura noizbehinkako eta kasualitatezko praktika baino zerbait gehiago zelako, eta txostenak berretsi egiten du erakunde horiek behin eta berriz adierazi zutena”. Testuinguru horretan, kontseilariak gogorarazi duenez,” Espainian torturak eragin ditu Auzitegi Gorenaren kondena epaiak eta Nazio Batuen Torturaren aurkako Batzordearen kontrako irizpenak”.
Olloren ustez, “dokumentua aurrerapauso garrantzitsua da Nafarroan giza eskubideen urraketen salaketa argitzeko bidean. Ezinbestekoa da iraganari kritikoki begiratzea ahanzturarik eta oroimenik gabe, giza eskubideez ari garenean ezin baititugu pertsona batzuen eskubideak ahaztu, guztion eskubideak kontuan hartu baizik”, adierazi du.
Torturatuak
Nafarroako Torturatuen Sarea elkarteko kideek “positibotzat” jo dute “Nafarroan azken hamarkadetan arrazoi politikoengatik torturatuko pertsonak zenbat izan diren argitzeko egindako ikerketa. Urteak pasa ditugu hori eskatzen. Azkenean, torturaren aitortzaren inguruan bide bat egiten hasia da; gure herrialdean erreparaziorako lehenengo urratsak egiten hasi dira”.
Elkarteko kideek esan dutenez, ikerketak jakinarazitakoak “kopuru izugarriak izan arren, torturaren tamaina, dentsitatea eta intentsitatea oraindik ez dira bere osotasunean ezagutzen. Horregatik, “torturaren errealitatea bere osotasunean” jasotzea eskatu dute; “bere ondorio politiko, sozial, kultural eta gizatiarrak aztertu behar dira, baita gizarte bezala erreparaziorako bideak ireki ere; eta, jakina, ez errepikatzeko bermeak ezarri behar dira”. Bestetik, foru administrazioari eskatu diote “bide horretan segitzeko, aipatutako ikerketa ezinbesteko tresna baita Nafarroan torturaren dimentsio osoa ezagutu ahal izateko”.