Astekaria

Garbigune mugikorra hiru egunetan atetzen ari da

Guaixe 2023ko urt. 23a, 08:42

Sakanako Mankomunitateko garbigune mugikorra Olatzagutian. ARTXIBOA

Astelehen, astearte eta asteazkenetan ibarreko herrietan geldialdiak eginen ditu hondakinak jasotzeko.

Sakanako Mankomunitateko Hondakinen Zerbitzuak jakinarazi duenez, ibarreko herri guztietan geldialdiak egiten dituen garbigune mugikorrak aste honetan ordutegia aldatu zuen hilaren 9an. Orain arte astegun guztietan ibarreko herrietan egoten zen, herri handienetan astean bitan. Sakanako Mankomunitatetik azaldu dutenez, “Hondakin Zerbitzuaren inguruko hausnarketa egin dugu, eskaintzen diren zerbitzu guztiak aztertuz. Gure ustez, 20.000 biztanleko populazio baterako Arbizuko eta Altsasuko garbigune finkoekin, Ziordiko ekarpen puntuarekin eta garbigune mugikorra astean hirutan ibiltzearekin zerbitzua bermatuta dago”. Gaineratu dutenez, “garbigune mugikorraren ordutegien moldaketaren jarraipena eginen dugu, aldaketak ekarri duena neurtu eta baloratzeko”. 

Beraz, asteko lehen hiru egunetan ibiliko da kamioi txikia etxean sortzen diren hondakin birziklagarriak ibarrean barna jasotzen. Garbigune mugikorrera honako hondakinak eraman daitezke: sukalde eta motorreko olioa (gehienez 5 litroko plastikoko ontzietan), jostailuak, Cdak, DVDak, VHSak, kaseteak, disketeak, margoak, disolbatzaileak, tonerrak, tinta kartutxoak, pilak, lanparak, bonbilak, fluoreszenteak, erradiografiak edota etxe tresna elektriko txikiak.

Hondakin Zerbitzutik gaztigatu dutenez, “garbigune mugikorrera hondakinak eraman ezin dituztenek Arbizuko eta Altsasuko garbigune finkoetara eraman ditzakete”. Bestetik, gogorarazi dute hondakin handiak (oheak, armairuak, hozkailuak...) etxetik jasotzeko 948 464 867 telefonora hots egin behar dela. Emausko Trapuketariek dohainik jasoko dituzte. Bestela, garbigune finkoetara eraman daitezke tamaina handikoak. Azkenik, zerbitzutik ohartarazi dutenez, garbigune mugikorrera edo finkoetara eramanda ere, “hondakinak bereizita ekarri behar dira”. 

Gabigune mugikorraren egutegi berria

Astelehena

  • 09:00-11:00 Etxarri Aranatz
  • 11:10-11:35 Iturmendi
  • 11:40-12:05 Bakaiku
  • 12:10-12:35 Lizarraga
  • 12:40-12:55 Dorrao
  • 13:00-13:15 Unanu
  • 13:20-13:55 Arbizu
  • 14:00-14:15 Lizarragabengoa

Asteartea

  • 09:00-10:00 Lakuntza
  • 10:10-10:35 Etxarren, Egiarreta eta Etxeberri
  • 12:00-13:15 Aizkorbe, Izurdiaga, Errotz, Urritzola, Ekai, Zuhatzu, Satrustegi eta Hiriberri
  • 13:20-14:20 Uharte Arakil

Asteazkena 

  • 09:00-09:40 Urdiain
  • 09:45-11:40 Altsasu
  • 11:45-13:15 Olatzagutia
  • 13:20-13:35 Ziordia
  • 13:55-14:05 Ihabar
  • 14:10-14:25 Irañeta
  • 14:30-14:45 Arruazu