Osasun etxetarako larrialdietarako auto berriak

Guaixe 2023ko urt. 19a, 09:31
Larrialdietara joateko ibilgailu berria Etxarri Aranazko osasun etxe ondoan aparkatuta.

Urte berriarekin batera ibilgailuak mustu dituzte hiru osasun etxeetako langileek. Larrialdietara joateko erabiltzen dituzte. 

Lehen Arretako osasun profesionalen aspaldiko kexari erantzunez, aurreko hamarkadan Osasunbideak osasun etxe bakoitzarendako auto bat eskuratu zuen. Haren bidez osasun etxetako profesionalen mugikortasuna erraztu zen, ordura arte norbere auto partikularrean joan behar baitzuen. Horrek norberaren jabetzako autoa erabiltzeaz aparte, ezbeharren tokietara iristeko arazoak sortzen zituen, ibilgailu partikularrek ez zutelako inolako identifikaziorik. 

Osasun Departamentuak jakinarazi duenez, 48 ibilgailu eskuratu ditu landa inguruneko larrialdietan arreta emateko. Horiek mediku eta erizainek erabiltzen dituzte hainbat beharrizani erantzuteko, batez ere, trafiko-istripuei, lan-istripuei, bihotz-biriketako geldialdiei, erasoei eta 112-SOS Nafarroa zerbitzuaren bidez eskatzen diren beste batzuei. Departamentuak aurretik eskuratu zituen autoak bakoitza kolore batekoa zen eta identifikazioak ez ziren ongi ikusten. Orain eskuratu dituen guztiak txuriak dira, alde guztietan lauki txuri-gorriak ditu eta 112 zenbakia dute. Gainera, gainean larrialdietako argi urdin bana dute. 

Departamentuak 48 ibilgailuak bost urterako errentan hartu ditu. Erosketa horretara 1.298.654 euro (BEZ barne) bideratuko ditu. Gainera, beste zortzi ibilgailu erreserban gelditu dira, gorabeherak daudenean erabiltzeko.