Nafar Lansarek kofinantzatutako Nafarroa Ekintzailea sareak ekintzailetza sustatzeko zerbitzua eskaintzen du. Haren parte da Cederna-Garalur eta ibarrean ekintzaileei laguntza eta aholkua emateaz arduratzen da. Garalurretik jakinarazi dutenez, 42 ekintzaileri eman zieten laguntza joan den urtean, 21na emakumezko eta gizonezko. Garalurren Ekintzailetzari Laguntzeko Zerbitzuaren jardun horren ondorioz, 26 pertsonek bere enpresa sortu eta langile autonomo gisa alta eman zuten joan den urtean. 26ak norbere enpresaren buru dira.
Garalurren Sakanako Ekintzailetzari Laguntzeko Zerbitzuko arduradunek azaldu dutenez, “aurreko urtearekin alderatuta, artatutako pertsonen eta sortutako enpresen kopuruak egonkor mantendu dira”. Gaineratu dutenez, “2021ean ekimen ekintzaileek nabarmen egin zuten gora pandemiaren aurreneko urteekin alderatuta”.
Jarduera gehiago
Garalurrek ekintzaileak laguntzeaz aparte, lanean ari diren enpresei ere laguntza eta aholkularitza ematen dizkie. Hala, Garalurren Sakanako Ekintzailetzari Laguntzeko Zerbitzura jo zuten bi urte baino gutxiagoko antzinatasuna duten 20 enpresetako arduradunek, eta bi urte baino gehiagoko antzinatasuna duten lauk.
Bestetik, Garalurrek ekintzailetza-esperientziei buruzko tailer bat antolatu eta eman zuen Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuan. Horrekin batera, eskualdeko ekintzailetza-esperientziak zabaltzen eta dinamizatzen lagundu du, baita beste erakunde batzuek (esaterako, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak) ekintzailetzarekin lotutako hainbat ekitalditan parte hartu ere. Gainera, ekintzaileei eta autonomoei zuzendutako hamar tutorial eman ditu, guztiak ere kolektibo horiendako interesgarriak diren hainbat gairi buruz: Zer da ziurtagiri digitala, zertarako balio du eta nola lortu, Antolatu zure paperak Ogasunarekin betetzeko eta Nola egin zure izapideak Ogasunarekin online, ziurtagiri digitalarekin eta fakturen diseinuarekin.
Harremanetarako
Arbizuko industrialdean dagoen Utzuganen, Sakanako Garapen Zentroan, dauka egoitza Garalurrek. Astegunetan 08:00etatik 15:20ra pasa daiteke egoitzatik. Harremanetan jartzeko 639 900 336 (Susana) edo 619 328 264 (Oskia) telefonoetara hots egin edo sakana.admon@cederna.es edo sakana@cederna.es e-postetara idatz daiteke.