Bost urte pentsio duinak aldarrikatzen

Guaixe 2023ko urt. 16a, 09:01

Altsasuko Zumalakarregi plazan eguerdian eginen da gaur bilkura. ARTXIBOA

Euskal Herriko mugimenduak bere ibilbidea laburbiltzen duen aldizkaria argitaratu du. Gainera, joan den urteko pentsio duinen aldeko bizikleta martxa jasotzen duen liburua kaleratu dute. 

Sakanako pentsiodunen mugimenduak astelehen eguerdiro bezala kontzentrazioa eginen du Altsasun, oraingoan Zumalakarregi plazan. Bilkura horretan pentsio duinen aldeko mugimenduaren bosgarren urteurrena gogoratu eta ospatuko dute. Horretarako, bi argitalpen egin dituzte. Batetik, pentsio duinen aldeko mugimenduaren bost urteko ibilbidea jasotzen duen aldizkaria argitaratu dute. Hartan mugimenduak egindako ibilbidea, lortutakoak, lortzeko dauden aldarrikapenak eta beste jasotzen ditu. Horrekin batera, joan den urteko pentsio duinen aldeko bizikleta martxaren berri ematen duen liburua ere argitaratu du mugimenduak. Aurrenekoa bi euroan eta, atzena, hamar euroan eskuratu daitezke kontzentrazioetan eta ohiko lekuetan. Haien aldarrikapenari soinu banda jarri dion kantua ere kalean da. Mugimenduak "borrokan jarraitzeko prestutasuna" du.

Aldi berean, pentsio duinen aldeko mugimenduak bere aldarrikapenari soinu banda jarri dio. Xabier Amurizaren letrari doinua eta ahotsa jarri dizkiote Modus Operandi taldeko Iñaki Ortiz de Villalbak, Amaia Zubiriak eta Ines Osinagak. Asteleheneko bilkuran kanta hori abestuko dute Euskal Herriko kontzentrazioetan. Sakanako mugimenduko kideendako ez da arrotza kantatzearena, kide batek prestatutako abesti ezagunen moldaketak abestu izan baitituzte azken bilkuretan. Horregatik kideek astelehen eguerdian haiekin urteurrena ospatzera gonbidatu dituzte sakandarrak: “borrokatzea merezi du, lorpenak horren lekuko dira”. 


Irurtzungo plazan pentsio publikoak aldarrikatzen. ARTXIBOA

Lorpenak 
Mugimenduko kideen iritziz bost urteotako mobilizazioak "funtsezkoak" izan dira hainbat lorpen eskuratzeko, esaterako, 2013ko PPren pentsioen erreformaren neurri batzuk indargabetzeko. Besteak beste, %0,25ko igoeraren ordez KPIaren araberako igoerak ezartzeko, eta iraunkortasun faktorea delakoa bertan behera uzteko. Baita aurten pentsioak %8,5 igotzea ere. 

Aldi berean, nabarmendu dute pentsio duinen aldeko mugimendua beste gizarte eragile batzuekin elkarlanean arlo ugaritan aritu dela, eta, horrela, pentsiodunen mugimendua borroka horietan "erreferente bat" bilakatu dela adierazi dute. Horien artean daude osasun publikoaren eta mendekotasuna artatzeko zerbitzu publikoen aldeko mobilizazioak, banku zerbitzuetan aurrez aurreko arreta bermatzeko mozioak eta lan baldintzak hobetzeko mobilizazioak.

Aldarrikapenak
Gobernuak bizitzaren garestitzearen ondorioz egoera ekonomiko eta sozial makurra bizi duten pertsonei laguntzeko 200 euroko txekea emanen du. Mugimenduak salatu duenez, “kotizazio eta kotizazio gabeko pentsio txikiak dituzten pentsiodunak neurri garrantzitsu horretatik kanpo geratu dira. Baita Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera kobratzen dutenak ere”. Mugimendutik azaldu dutenez, begi onez ikusi dute hilean 1.900 euro inguru jasotzen dituzten familiek eta pertsonek txekea eskatzea, “baina hilean kopuru txikiagoak kobratzen dituzten pentsiodunek arrazoi gehiagorekin txekea kobratu beharko lukete”. 

Mugimenduko kideek gaztigatu dutenez, “pentsioen erdia baino gehiago Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren azpitik dago (1.000 euro gordin hilean), eta emakumezko pentsiodunek pentsio txikienak jasotzen jarraitzen dute, horietako batzuk pobreziaren atalasetik gertu”. Horregatik, ezarritako baldintzak betetzen dituzten pentsiodunek 200 euroko txekea eskuratzea exijitu du Sakanako pentsiodunen mugimenduak. Horrekin batera, exijitu du 2011, 2013 eta 2021eko pentsio erreformen murrizketei buelta ematea, pentsio publikoen erosteko ahalmena berreskuratzea, urte akaberako konpentsazio-ordainsaria berreskuratzea eta gutxieneko pentsioa bataz beste soldataren %60an kokatzea. Aldi berean, pentsiodunen mugimenduko kideek eskatu dute “egiturazko eta egoeraren araberakoak ez diren neurriak hartzea, aberastasunaren bidezko banaketan oinarrituta, pertsona guztiek bizi baldintza duinak izan ditzaten”.