Udalek osasun publikoaren aldeko mozioa onartu dute

Guaixe 2023ko urt. 13a, 13:00

Pentsio duinen aldeko mugimenduko kideak sinadurak jasotzen. ARTXIBOA

Osasun Publikoa behar diren langile, ekonomia, material eta antolamendu baliabideez hornitzea nahi dute.

Sakanakoa parte den Nafarroako Osasun Publikoaren Aldeko Plataforma udalen babesa bilatu zuen haietan mozioak aurkeztuz. Udalei osasun unibertsaleko, publikoko, ekitatiboko eta kalitatezko arretaren alde egitea eskatu zieten. Jasotako erantzunen berri Iruñean gaur emanen duten prentsaurrekoan jakinaraziko dute. Ibarreko plataformatik aurreratu dutenez, Sakanako udal guztiek bat egin dute eskaera horiekin. 

Onartutako mozioaren bidez udalek “Oinarrizko Osasun Laguntza eta Osasun Publikoa indartzea, behar diren langile, baliabide ekonomiko, material eta antolamenduzkoez hornitzea” eta horretarako “behar adinako inbertsioa egitea” eskatu dute, “Oinarrizko Osasun Laguntzak kalitatezko arreta eman dezakeela bermatzeko”. Horretarako, urte anitzeko plan batean aurrera egitea eskatu dute, bost urteko epean lehen mailako arretarako osasun aurrekontuaren %25 izan dadin. Bestetik, osasun pribatura bideratzen diren gaixoak eta harekin egiten diren itunak bertan behera uztea eskatu dute, “sistema publikoa deskapitalizatu eta negozio pribatuak indartzen baititu”.

Horrekin batera, onartutako mozioen bidez udalek eskatu dute “plantillak finkatzea Nafarroako Osasun Zerbitzuan plantilla egonkorrak eta kalitatezko lan duina lortzeko”. Horregatik, behin-behinekotasuna %8 baino txikiagoa izatea exijitu dute. Gainera, “medikuen bajak eta ordezkapenak betetzeko baliabide guztiak jartzea” nahi dute udalek. Aldi berean, nahi dute “hirugarren adinekoentzako arreta eredu publiko baterantz egindako aurrerapauso egiaztagarriak, ahal dela pertsonak beren ingurunean mantentzeko, eta ez makrozentroetan, osasun-sistema publikoak arreta emango diela bermatuta”. Hori iritsi bitartean, “egoitzetan kontrol publiko handiagoa eta kudeaketa gardenagoa” eskatu dute, eta zerbitzu ona lortzeko baita “plantillen lan prekarietatea desagerraraztea ere”.

Udalek onartutako idatziak eskatzen du “osasun mentaleko sistema birformulatzea eta prebentziora bideratzea. Sistema horrek baliabide publiko nahikoak izan behar ditu herritarren beharrei erantzuteko, eta behar horiek areagotu egin behar dira Covid pandemiaren ondorioetarako”. Gaur baliabide sozio-sanitarioetan, egoitzetan eta tutoretzapeko etxebizitzetan eskaintza publikorik ez dagoela nabarmendu dute. Azkenik, “ezinbestekotzat” jo dute osasunari buruzko Foru Lege berri bat, “gure osasun-sistema publikoa gure herri eta auzoetako osasun-arretaren eta zaintzaren beharrak asetzeko prestatuta egotea bermatzeko”.

Osasun unibertsaleko, publikoko, ekitatiboko eta kalitatezko arreta baten bidez bakarrik bermatu ahal izango dugu gure etorkizuna, eta gure udalek hura egiten parte hartzearen alde egiten dugu, printzipio horiek osasunari buruzko Foru Lege berri eta urgentean jasota gera daitezen.