Mediku premiagatik kalean kexu

Guaixe 2023ko urt. 16a, 12:01
Osasun etxe parean asteazken eguerdiero bildu dira; hurrengoa ilbeltzaren 18an.

Sakanako Osasunaren Aldeko Plataformak deituta, Altsasuko osasun etxearen parean kontzentrazioak egin dira azken bi asteazkenetan, eta hala eginen da hurrengoan ere. Lehen Arretako osasun zerbitzuan behar diren langileak egotea exijitzen ari dira.

Osasunak gizartean duen garrantziaren isla dira Altsasuko osasun etxearen parean azken bi asteazkenetan egin diren kontzentrazioak. Ilbeltzaren 18an, 12:00etan, izanen da hurrengo elkarretaratzea eta hilaren 25ean eta otsailaren 2an eta 9an ere elkartuko direla aurreratu du plataformak. Berrehun pertsonatik gorako bilkurak izan dira. Elkarretaratze horien bidez Nafarroako Gobernuari exijitu diote Altsasuko osasun eskualdeak duen populazioari dagokion mediku kopurua izatea; hau da, sei mediku eta pediatriako plaza eta erdi. Izan ere, Altsasuko osasun etxean segitzen dute egunero iragartzen zenbat mediku dauden egun bakoitzean: bat, bi, hiru... sekula behar diren seirak. Deitzaileek adierazi dutenez, “egoera larri hau luzatzen ari da eta plantillako langileengan ezinegona sorrarazten du, eta premia duten herritarrengan, amorrazioa”. Izan ere, hitzorduak atzeratzen zaizkie gaixoei, osasun arreta egokirik jasotzen ez duten sentipena dute, zerbait larria gertatzean ez dakite nora joan eta ospitaleko larrialdietan bukatzen dute... 

Sakanako Osasunaren Aldeko Plataformako kideek azaldu dutenez, “orain arte Nafarroako Gobernuak eta osasun arduradunek erantzun dute beraien eskutan dagoen guztia egiten ari direla, gure egoera ez dela horrenbestekoa, ez dutela ez medikurik ez erizainik aurkitzen...” Ilbeltzaren 2an Venezuelako mediku bat hasiko zela ziurtatu zieten plataformako kideei. Ez da hala izan eta gaur beste bat hasiko dela jakinarazi diete. Osasun zerbitzuaren egoera ez dela okertzen hasi azken bi legegintzaldietan badakite, “baina zazpi urtetan izan dute denbora egoera tamalgarri hau zuzentzeko”, gaztigatu dute plataformatik. Eta osasun zerbitzuaren egoera salatzen ari den UPNri ere zuzendu zaizkio, “ez digute haien kexek balio, neurri handi batean beraiek eragin baitute egoera larri hau”.

Erreklamazioak egiteko bi modu 
Plataformak altsasuarrak, olaztiarrak eta ziordiarrak beraien kexua Nafarroako Gobernuari jakinaraztera gonbidatu dituzte, “gure eskubidea baita dagokiguna exijitzea eta osasun zuzendaritzak gure eskaerei konponbide egokia eta behin betikoa emateko obligazioa du”. Azalpen publikoak emateko ere eskatu diete. Plataformako kideak herritarrak beraien osasun karpetaren bidez erreklamazioa egitera gonbidatu dituzte, “jende asko egiten ari da. Gazteak ere bai”. Erreklamazioetan honako testua idaztea proposatu du: “Nafarroako Gobernuari exijitzen diot berehalakoan osa dezala Altsasuko, Olatzagutiko eta Ziordiko osasun eskualdeko mediku plantilla modu iraunkorrean. Egoera onartezina da”. 

Halako kexak aurkezteko erreklamazio orriak badaude osasun etxe eta kontsultategietan ere, baina nortasun agiriaren fotokopia eta beste egin behar dutenez langileek, haiek lanez ez zamatzeko kexua bide elektronikoen bidez egitera animatu dute plataformako kideek. 

Gehiago
Plataformako kideek jakinarazi dutenez, Etxarri Aranazko osasun eskualdeko Lakuntza, Arbizu, Unanu, Dorrao, Lizarraga, Bakaiku eta Urdiain herriek“ez dute pandemia aurretik bezala mediku kontsulta ziurtatuta. Haien kexuekin bat egiten dugu”. Antzekoa gertatzen da Arakilen ere.