Atletismoa / Txirrindularitza

San Silvestre lasterketek utzi zutena

Guaixe 2023ko urt. 13a, 12:21

Sakandarrek urtea korrika, bizikletan eta mendian despeditu zuten

Urte bukaerak eta hasierak mugimendu handia ekarri zuten Sakanara. 

Altsasuk bi hitzordu hartu zituen. Altsasu Kirol Elkarteak antolatutako 28. Urbasako Igoera-San Silvestre Zikloturista Martxa eguerdian abiatu zen Dantzalekutik. 112 txirrindularik hartu zuten parte, eta nahiz eta proba ez lehiakorra izan, Urbasako portuko igoera kronometratu egin zen. Iker Aramendia izan zen azkarrena, Jon Zeberioren aurretik. Giro ederrean oroigarria jaso zuten partaideek eta salda beroa ez zen falta izan. 

Arratsaldean Nafarroako San Silvestre lasterketarik beteranoena jokatu zen, 42. San Silvestrea-Mario Lopez de Uralde Memoriala. Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak eta Sakana Triatloi Taldeak antolatu zuten proba, eta antolatzaileen iritziz “inoiz baino herrikoiagoa” izan zen proba.  Espainiako txapelduna den June Kintana Larraza disko jaurtitzaile bakaikuarra omendu nahi izan zuen Altsasuko San Silvestre lasterketak, eta bakaikuarrak eman zion irteera proba nagusiari eta berak eman zituen bukaerako sariak. Giro ederrean, 5 kilometroak egiten azkarrenak Israel Arbizu etxarriarra eta Izaskun Beunza olaztiarra izan ziren. Mikel Astiz ihabardarra eta Paula Diaz izan ziren bigarrenak eta Jabi Gasanz eta Haizea Ramirez de Alda altsasuarrak hirugarrenak. 

Guztira 274 korrikalarik hartu zuten parte proba nagusian, eta horiei txikien proban izena eman zuten 133 neska-mutikoak gehitu behar zaizkio. “Atletismo festa ederra izan zen, jendeak oso ongi pasatu zuen eta June Kintana ere oso eskertuta zegoen. Ezin dugu gehiago eskatu” azaldu dute Dantzalekutik. 

Olaztin nobedade nagusia izan zen Sutegi klubak proba arratsaldetik eguerdira aurreratu zuela. Lehenik eta behin txikien lasterketak jokatu ziren, hiru kategorietan -7 urtera arte, 8 eta 11 urte artekoak eta 12 eta 15 urte artekoak-, eta ondoren proba nagusia jokatu zen, 16 urtetik gorakoendako, 5 km ingurukoa. Helduen proban Raul Audikana eta Izaskun Beunza olaztiarrak gailendu ziren. Arratsaldean Altsasuko proban aritu ziren eta dobletea lortu zuen Izaskunek. Bigarrenak Iñaki Garmendia eta Andrea Galbete izan ziren eta hirugarrenak Egoitz Aldaz eta Fatou. 

Irurtzunen giro ederrean jokatu zen Pikuxar Euskal Txokoak antolatutako 6. Pikubestrea. “Sekulako giroa egon zen, egia esan. 150 partaide inguru izan ziren guztira, 80 neska-mutiko eta 65 heldu. Eguraldia lagun, giroa bikaina izan zen. Herriko komertzio eta saltokiek lasterketa babesten dute eta horri esker sari ugari egon ziren. Eta Lizarra kalea trafikorako itxi zenez, erdigunean lasai asko ibili zitekeen eta korrikalariak eta ikusleak gustura ibili ziren” azaldu du Javier Rekaldek Pikubestreko antolatzaileetako batek. 

Uharte Arakilen Itxesian bildu ziren herritarrak, Beriainen magalean korrika egiteko. Talde ederra bildu zen, eta ondoren auzatea izan zuten.

 

Arbizun ere San Silvestre herrikoia ospatu zen, goizez. 20 korrikalari inguru animatu ziren parte hartzera, gustura.