Mendia

Gure mendiak, lepo

Guaixe 2023ko urt. 13a, 12:40
Errege Egunean Beriainen mugimendu handia egon zen. PEDRO GONZALEZ

Urtea despeditu eta urteari ongi-etorria emateko ekitaldiak jendetsuak izan ziren

Gabonetan mendi irteerak antolatu ohi dira, eta aurtengo eguraldiak are jendetsuago bilakatu ditu urtea agurtzeko eta urtea ongi hasteko irteerak. 

Abenduaren 31n, Pikuxarren txokolate goxoa dastatu eta gero Ergako Trinitatera jo zuten irurtzundarrek, giro ederrean. Pikuxarrek eta Iratxok antolatu zuten irteera. Han ikusi ahal izan zuten abuztuaren edo agorrilaren 29an Trinitate ermitan piztutako suteak sortutako kalteak oraindik konpondu gabe daudela. Ermita Aginagako parrokiarena da. Sutea piztu zen tokian telekomunikazio antenak daude eta, antza, halakoek tximistak erakartzen dituzte. Dirudienez, haren jabe den enpresa izanen da Ergako ermitan sortutako kalteak konponduko dituena.

Lakuntzan Zabalarte mendi taldeak Lakuntzaskoarrira irteera antolatu zuen abenduaren 31ko goizean. Arangunen argazkia atera eta hamaiketako bikaina eginda, Lakuntzara jaitsi ziren urtea despeditzeko ospakizunekin jarraitzera.

 

Olaztiar eta altsasuar askok Aizkorrira jotzeko ohitura izaten dute abenduaren 31n, eta aurten ere hala egin zuten. 

Errege Egunean, mendizalez lepo bete zen Beriain. Sakanako Mendizaleak urteko lehen irteera beti egun seinalatu horretan egiten du, Beriainera. Gabonetako azkeneko turroiak eta cavak hartzeko probesten dute eguna. 

Bukatzeko, ilbeltzaren 8an Bargagainera irteera egin zuen Altsasuko Mendigoizaleak taldeak. “Eguraldi kaxkarra zen, negu-negukoa, baina hala ere 12 lagunek jo genuen bertara. Ez ginen beste batzuetan bezala hamaiketakoa egiten eta festa giroan geratu, eguraldi horrekin igo eta berehala jaitsi baikinen, baina tradizioa bete genuen eta ongi hasi genuen urtea” diote Altsasuko Mendigoizaleek.