Pilota

Lehen porrota

Guaixe 2023ko urt. 16a, 11:32

Zabaletak eta Elordik lider jarraitzen dute, zazpi punturekin. JAVIER COLMENERO

Elordik eta Zabaletak Binakako lehen partida galdu dute, Altunaren eta Tolosaren kontra. Ezkurdiak eta Martijak krisi sakonean daudela erakutsi zuten Getarian

Binakako Txapelketako zortzigarren jardunaldia ez da samurra izan pilotari sakandarrendako. Ostiralean Ezkurdiak eta Martijak Peio Etxeberria eta Rezusta izan zituzten aurkari Getarian. Martija bueltan zen, eskuko minarengatik aurreko jardunaldiko bajatik osatuta, eta Ezkurdia azken jardunaldietako sentsazio kaxkarrak atzean uzteko gogotsu zegoen. Baina ezinezkoa izan zen. Biko sakandarra ez zen batere fin ibili eta 13 eta 22 galdu zuen partida nahiko kaxkarrean. Sakandarrak krisian daude eta lehenbailehen eman beharko diote buelta. 

Bestalde, jokatutako zazpi jardunaldiak irabaztetik iritsi ziren Elordi eta Zabaleta igandean Bilbon Altunaren eta Tolosaren kontra jokatuko partidara. Liderrak ziren faboritoak, baina Altuna ez da inoiz gutxietsi behar eta amezketarrak sekulako lana egin zuen liderren ahalguneak bilatzeko, bere bertsiorik onena erakutsi zuen Tolosaren laguntzarekin. Partida estu-estua izan zen, txapelketa honetako luzeena, 826 pilotakada gurutzatu baitziren. Altunak eta Tolosak 17 eta 13 eta 18 eta 16ko errenta izan zuten, baina liderrek ez zuten etsi eta 21era berdindu zuten. Beraz, azken tantoak erabaki zuen orain arteko partidarik azkarrena, eta Altunaren eta Tolosaren aldera erori zen amezketarrak egindako dejada milimetriko bati esker. Horrela, euren lehen partida galdu zuten liderrek. 

Hala ere, Elordik eta Zabaletak sailkapenean buru jarraitzen dute (7 puntu), Etxeberria-Rezusta, Laso-Imaz eta Altuna-Tolosaren aurretik (5na puntu). Urrutikoetxea-Albisuk lau puntu dituzte, Peña-Mariezkurrenak 3, Ezkurdia-martijak 2 eta Jaka-Arangurenek 1. 

Datorrena
Binakako bederatzigarren jardunaldia bero dator. Asteazkenean hasiko da, Mungian, Lasok eta Imazek Urrutikoetxearen eta Albisuren kontra jokatuko duten partidarekin. Ostiralean, Urdulizen, Elordi eta Zabaleta liderren kontra ariko dira Ezkurdia eta Martija, sakandarren arteko derbian. Larunbatean Labritek Altuna III-Tolosaren eta P. Etxeberria-Rezustaren arteko lehia hartuko du eta igandean, Etxebarrin, Pakak eta Arangurenek Peña II.a eta Mariezkurrena izango dituzte aurkari.