Album ilustratuen lehiaketa martxan

Guaixe 2023ko urt. 17a, 10:39

2022ko Etxepare Sariko 'Kiratsa' liburuaren aurkezpena. ARTXIBOA

Nafarroako 22 toki entitatek, haien euskara zerbitzuen bidez, Etxepare saria 2023 antolatu dute. Helburua haurrei zuzendutako euskarazko ipuin ilustratuak sortzea da. Maiatzaren 5era arte aurkez daitezke lanak.

Haurrendako album ilustratuak sortzea da Etxepare Sariaren xede nagusia. Nafarroako 22 toki entitatetako euskara zerbitzuek antolatzen dute, tartean Sakanako Mankomunitateak. Album ilustratutzat hartzen dira testua eta irudia elkarren osagarri dituzten lanak eta 2023ko sariketa martxan jarri dute dagoeneko; parte hartzaileek maiatzaren 5era arte dute lanak aurkezteko epea. Epaimahaiak erabakia hartzeko azken eguna ekainaren 29a izango da.

Bakarka, hau da testua eta ilustrazioa sortzaile batek eginda, edo binaka, idazle eta ilustratzailea osatutako taldean, parte har dezakete Etxepare Sarian. Lanak euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izanen dira. Saritutako lana Nafarroako Pamiela argitaletxeak argitaratuko du udazkenean, eta lehiaketaren saria 5.000 eurokoa da, egile eskubideen aurrerapen moduan.

Formatuari dagokionez, librea da, baina gehienez ere 20 zentimetroko zabalera eta 21 zentimetroko altuera izango dute eta gutxienez hamabost orrialde bikoitz. Azken sei edizioetan saria jaso duten idazleen edo ilustratzaileen lanak alde batera utziko dira.

Lehiaketan parte hartzen dutenek albumaren maketa aurkeztu behar dute etxeparesaria.eus webgunearen bidez. Fitxategiek hogei mega baino gehiago ez izatea aholkatzen dute. Egileek nahi badute, irudi originalak bidal ditzakete, posta arrunt bidez; horrela bada, lanarekin batera gutunazal itxi bat aurkeztu beharko dute, kanpoko aldean lanaren titulua eta egilearen goitizena izango dituena eta barruan egilea edo egileen datuak agertu beharko dira. Etxepare Saria, Leitzako udaletxea, Euskara Zerbitzua, Elbarren 1, 31880, Leitza helbidera bidali beharko dute.

Album ilustratuak sortzen trebatzeko Galtzagorri elkarteak Biko-Teka tailerra antolatzen du, Iruñeko Udalarekin batera. Harkaitz Cano idazleak eta Aitziber Alonso ilustratzaileak gidatzen dute ikastaroa eta aurtengoa zazpigarren edizioa izanen da. Urtarrilaren 23tik 27ra egingo dute, Iruñeko Kondestable jauregian. Bertan ilustratzaile bat eta idazle bat elkartzen dituzte eta album ilustratu bat sortzeko laguntza eta aholkularitza jasotzen dituzte. Etxepare Sariko hainbat irabazle tailerretik ateratakoak dira.