Futbola

Preferentean puntu bakarra utzi du azken jardunaldiak

Guaixe 2023ko urt. 17a, 12:00

Lagun Artea ongi hasi zen, baina porrot gogorra jaso zuen etxean. BURLADÉS

Altsasuk puntu bati eutsi dio Dantzalekun, baina Etxarri Aranatzek eta Lagun Arteak galdu egin dute

Gabonetako geldialdiaren ondoren, bueltan da futbola. Preferente mailan hamaseigarren jardunaldia jokatu zen asteburuan, eta soilik puntu bat geratu da Sakanan. 

Altsasuk Itaroa Huarte B taldea hartu zuen larunbatean Dantzalekun. Bi taldeak berdinketa apurtzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu kontrako atea zulatzea eta husnako berdinketarekin eta puntu banaketarekin despeditu zen partida. 

Etxarri Aranatzek Doneztebe izan zuen aurkari larunbatean Iñaki Indart futbol zelaian. Lehen zatian nor baino nor aritu ziren bi taldeak eta atsedenaldira husnako berdinketarekin joan ziren. Baina bigarren tartean Doneztebek pauso bat eman zuen aurrera eta 55. minutuan gola sartu zuen. Gol horrek Doneztebe hauspotu zuen eta azken minutuetan beste hiru gol sartu zituen. 4 eta 0 galduta, punturik gabe itzuli ziren etxera etxarriarrak. 

Lagun Arteak igandean Burladés B taldea hartu zuen Zelai Berrin. Bi taldeak parez pare hasi ziren, eta hasieran ongi jokatu zuten lakuntzarrek. Tamalez, Burladések Lagun Arteako Jose David Ramos atezainak defendatzen zuen atea zulatu zuen eta burlatarrek beste gol bat sartu zuten atsedenaldia baino lehen. Bigarren zatian itxura berbera izan zuen partidak, hasi eta berehala hirugarren gola sartu baitzuen Burladések. Lagun Arteako Endika Basasorok gola sartu zuen 77. minutuan eta 1 eta 3 hurbildu ziren lakuntzarrak, baina azken minutuan Burladések penaltiz gola sartu eta 1 eta 4 galdu zuen Lagun Arteak, porrot gogorra talde lakuntzarrarendako. 

Sailkapena
Universidad de Navarra da preferente mailako liderra (35 puntu). Altsasu zazpigarren postuan dago (25 puntu), Etxarri Aranatz hamaseigarren postuan (10 puntu) eta Lagun Artea azkena da, hemezortzigarren (5 puntu). Asteburuan sailkapenean bederatzigarren den Burladés B izango du aurkari Altsasuk, Etxarri Aranatzek bosgarren den Rotxapea hartuko du eta Lagun Arteak laugarren den Aibaresen kontra jokatuko du, Oibarren.