Areto futbola

Aralar Mendi, ziztu bizian

Guaixe 2023ko urt. 18a, 12:00
Aralar Mendikoak San Juanen kontrako gola ospatzen. ARALAR MENDI

Hirugarren Mailako hamabigarren jardunaldiak poza utzi zuen Uharte Arakilen eta tristura, aldiz, Irurtzunen

Asteburuan Hirugarren mailako areto futboleko hamabigarren jardunaldia jokatu zen. 

Aralar Mendik San Juan taldea hartu zuen Uharte Arakilgo Larrebieta pilotalekuan. Azken jardunaldiak irabazi izanak animatuta atera ziren kantxara Aralar Mendikoak, jokoan zeuden beste hiru puntuak poltsikoratzeko prest. 

Partida bizia izan zen hasieratik. San Juan aurreratu zen, zazpigarren minutuan sartutako golarekin, baina bi minutu beranduago ate propioan gola sartu zuten iruindarrek, eta bana berdinduta bi taldeek borroka bizian jarraitu zuten. Biek izan zituzten aukerak, baina Ibai Martiarenak eta Jon Iribarrenek sartutako golei esker, errenta polita lortu zuen Aralar Mendik, Jon Arenazak sartutako laugarrenarekin 4 eta 1era iritsi zena. Baina San Juanek ez zuen etsi. 4 eta 3 gerturatu ziren iruindarrak minutu bateko tartean, eta lehia atzera ere gogortu egin zen. Partida bukaerara heltzear zegoela, Eneko Cruzek Aralar Mendiren bosgarrena sartu zuen eta 5 eta 3-arekin, partida erabakita utzi zuten uhartearakildarrek. 

Azken bost partidetatik lau irabazi eta bat berdindu du Aralar Mendik, hau da, jokoan zituen 15 puntuetatik 13 irabazi ditu, bolada ikaragarria. 

Aldiz, Ibararte Xotak jipoi ederra jaso zuen Irurtzungo Atakondoan Universidad de Navarra liderraren kontra. Irurtzungo taldea oso ongi hasi zen, hamargarren minutuan aurreratu baitzen Asier Gonzalezek lortutako golari esker eta lehen zatia kontrolatu baitzuen, baina liderrak berehala erantzun zuen, bana berdinduz. Ibararte Xotako Jon Argandoñak bigarrena sartu zuen segituan, baina atzera ere minutura bina berdindu zuen liderrak, eta bigarren zatian airea hartu zuen, bi golekin 2 eta 4 aurreratu baitzen. Ibararte Xotak ez zuen etsi eta 36. minutuan Oier Agirrek hirugarren gola sartu zuen, baina partidaren azken txanpan aginte makila hartu zuen liderrak eta, azkenean, 3 eta 8 gailendu zen. 

Universidad de Navarrak jarraitzen du Hirugarren mailako lider (25 puntu). Aralar Mendi zazpigarren postura igo da (16 puntu) eta Ibararte Xota zortzigarren postura jaitsi da (13 puntu). Ostiralean, 20:00etan, sailkapenean seigarren eta arerio zuzena den Garbayo Chivite Cintruenigo taldea izango du aurkari Aralar Mendik Cintruenigon. Eta Ibararte Xotak sailkapenean hamargarren den Oliteren kontra jokatuko du igandean, 11:00etan Erriberrin. 

Xota emakumezkoak, larunbatean lanera
Asteburuan ez da Emakumezkoen Lehen Senior mailako areto futbol txapelketako jardunaldirik jokatu. Asteburu honetan hamaikagarren jardunaldia dago jokoan eta sailkapenean seigarren den Xotak Berriozarren jokatuko du larunbatean, 10:30ean, sailkapenean bigarren den Mendialdea A taldearen kontra.