Elurteagatik aurrelarrialdi maila indarrean da

Guaixe 2023ko urt. 18a, 15:48

Etxarri Aranazko plaza elurtuta.

Elurra kentzeko makinen baliabide guztiak aktibatuta jarraitzen dute, biharko lehen orduetan elurra pilatuko dela aurreikusten da eta.

Nafarroako Gobernuak elurte-planaren aurrelarrialdi mailari eustea erabaki du, elur ekaitzak Foru Komunitatearen gainean jarraitzen baitu eta osteguneko lehen orduetan elurra botatzea espero baita. Horregatik, elurteak izateko arriskuagatik, abisu laranja mantenduko da Nafarroa erdialdean eta Kantauri isurialdean bihar arratsaldera arte. Meteorologoek aurreratu dutenez, prezipitazio gehiago pilatuko da gauean eta goizaldean, lanera eta ikastetxeetara joateko orduekin batera. 

Elurra metatzeko probabilitatea % 40-70 artekoa izango litzateke. Arrisku horrek behera egingo luke bihar arratsaldeko azken orduan, Pirinioetan izan ezik. Eremu horretan, elurtearen lodiera 20 zentimetrokoa izan daiteke 800 metrotik gorako kotetan. Kantauri isurialdean eta Nafarroako erdialdean, berriz, arriskua arratsalde erdira arte mantenduko da (17:00ak inguruan), eta elur-pilaketak 6 eta 5 zentimetrokoak izango dira, hurrenez hurren, 400-600 metrotik gorako kotetan.

Egoera
Goizean goiz hainbat errepidetan elurrak eragina izan badu ere, argitzerako arazo gehienak konponduak zeuden eta eguerdirako errepideak garbi zeuden eta haietan normal gisatzeko aukera zegoen. Une honetan Leitzarango Autobian (A-15) errepidean, mozketa tekniko puntual dago Irurtzungo lotunean, Lekunberrirako norabidean. Bestalde, Baraibartik Aralarko santutegira daraman NA-7510 errepidea itxita dago. Neguko Bidezaintza Planean erabilgarri dauden baliabide guztiak aktibo mantentzea erabaki du gobernuak. Beraz, 05:00etatik lanean edo erne dauden elurra kentzeko 125 makinak hala segituko dute bestelako abisu bat eman arte, ostegun arratsaldean, ziurrenik. Foru Komunitateko errepideen egoera eguneratua www.incidenciascarreteras.navarra.es webgunean, 848 423 500 telefono zenbakian eta Twitterko @112_na profilean kontsulta daiteke. Bestetik, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du ikastetxe eta osasun zentroek normaltasunez funtzionatu dutela. 

Neguan errepideetan ibiltzeko gomendioak. 

  • Beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihestea.
  • Bakarrik ez bidaiatu eta garraio publikoa erabili.
  • Komeni da gauez ez gidatzea, errepideko arriskuak antzemateko zailagoak direnean, hala nola izotz-plakak.
  • Beharrezkoa da inguruko eguraldi txarrari buruzko informazioa komunikabideen bidez jasotzea.
  • Errepideen egoerari buruzko informazioa jaso, bidaiari ekin aurretik.
  • Ekaitzak errepidean harrapatuz gero, egon autoan: aterpea emango dizu, eta gurpilek tximistendako isolatzaile gisa jokatzen dute.
  • Autoa martxan mantentzen bada berokuntza jarrita, airea berritu behar da leihatila erdi ireki batekin, intoxikaziorik gerta ez dadin.
  • Telefono mugikor bat eraman, informazioa jasotzeko eta arreta-baliabideak aurkitzeko edo aurkitzeko.